Publizitatea
Itxi

2021/03/01

12:57

Ekonomia

LAN-GATAZKA

EAEko sektore publikoan greba deitu dute apirilaren 22rako

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Sektore publiko osoari eragiten dio, hezkuntzako eta osasun-langileak barne, baita administrazio guztiei ere: Eusko Jaurlaritzari, aldundiei, udalei eta Estatuko Administrazioari.

  • EAEko sektore publikoan greba iragarri dute apirilaren 22rako

    EAEko sektore publikoan greba iragarri dute apirilaren 22rako. Artxoboko argazkia: EiTB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek greba eguna deitu dute apirilaren 22rako EAEko sektore publiko osoan, behin-behinekotasunaren gehiegikeria salatzeko. Gaur gaurkoz, % 40koa da, Espainiako Estatuko altuena, sindikatuen arabera.

Sindikatu guztietako ordezkariek eman dute deialdiaren berri, UGTk izan ezik, eta sektore publiko osoari eragiten dio, hezkuntzako eta osasun-langileak barne, baita administrazio guztiei ere: Eusko Jaurlaritzari, aldundiei, udalei eta Estatuko Administrazioari.

Deialdiaren arrazoi nagusia sektore publikoan behin-behinekotasuna gehiegikeriaz erabiltzeagatik protesta egitea da. Sindikatuen arabera, Eusko Jaurlaritzak EAEko administrazioan behin-behinekotasun tasa % 38,7koa izatea onartu du, hau da, guztira, behin-behineko eta aldi baterako 58.700 langile.

Sindikatuen ustez, benetako tasa % 40koa da, euskal sektore pribatuaren behin-behinekotasuna ia bikoiztuz, % 23an kokatzen baita.

Sektore publikoaren prekarietate horren atzean "erabaki politiko bat dago, pribatizatzeko lehen urratsa delako", diote sindikatuek; izan ere, 58.700 behin-behineko langileei azpikontratatutako edo pribatizatutako sektoreetako 100.000 langile baino gehiago gehitu beharko litzaizkieke, hala nola zaintzak, non langileen % 90 aldi baterakoak diren.

Horren aurrean, sindikatuek langile kopurua handitzea, egungo ratioak hobetzea eta lan-kargak murriztea eta erregulatzea hala ez dagoen eremuetan eskatzen dute, "sektore publikoko langileek beren gain hartzen baitituzte ia beti eutsi ezinezko lan-kargak".

Sindikatuen interpelazioa da "EAEko erakunde guztiei, Eusko Jaurlaritzatik hasi eta azken Udalera arte, bai eta indar politiko guztiei ere, finkapenerako (enplegua) ohiz kanpoko prozesuak bultzatzeko ezinbesteko urratsak eman ditzaten. Prozesu horiek administrazio guztietan martxan jartzeko eskatzen diegu, nahitaez bete beharrekoak, bermatzaileak eta ordezkaritza sindikalarekin negoziatuak izan daitezen".

Dagoeneko martxan dauden lan eskaintza publikoen prozesuei dagokienez, sindikatuek uste dute "negoziazio kolektiboaren ondorioz kolektibo bakoitzaren beharrizanekin bat datozen ezohiko neurriak" hartu behar dituztela.

Azkenik, pribatizazio politikekin amaitzeko deia egin diete administrazioei, eta langile-taldeak gaztetzeko eta aurre-erretiroak sustatzeko planak babestu dituzte.

Apirilaren 22ko lanuztearen aurretik, martxoaren 17an elkarretaratzeak egingo dituzte Eusko Jaurlaritzaren aurrean Gasteizen, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean eta Alderdi Ederren Donostiako Udalaren aurrean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena