Ekonomia -

Eskumenak

Icetak eta Mendiak aurrera egin dute gutxieneko diru-sarreraren transferentzian

Hala ere, zailtasunak omen daude eskumena berehala eskualdatzeko, Eusko Jaurlaritzak EAEren babes sistema sozialean sartu nahi duelako, ez du kudeaketa soila nahi.

Iceta eta Mendia, gaurko bileran. Argazkia: Efe
Iceta eta Mendia, gaurko bileran. Argazkia: Efe
Iceta eta Mendia, gaurko bileran. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Miquel Iceta Espainiako Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroak eta Idoia Mendia lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu sailburuak aurrerapausoak eman dituzte Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren transferentzian, nahiz eta berehala eskualdatzeko zailtasunak atzeman.

Icetak eta Mendiak bilera egin dute gaur Madrilen, bi gobernuek adostutako eskumenen transferentziaz hitz egiteko, aste honetan bertan Carmen Calvo Espainiako presidenteordea eta Josu Erkoreka lehendakariordea, alde batetik, eta Iceta bera eta Olatz Garamendi Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua, bestetik, elkartu ostean.

Bi agintariek zailtasunak atzeman dituzte Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera berehala eskualdatzeko; izan ere, Jaurlaritzak ez du laguntza horren kudeaketa egin nahi soilik, baizik eta EAEko babes sozialaren sistemaren barruan sartu.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak aurreratu du gaia mahai gainean egongo dela Mendiak ostiral honetan Jose Luis Escriva Espainiako Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroarekin egingo duen bileran.

"Bi gobernuen borondate politiko argia eta konpromiso jakina dago euskal autogobernuarekin. Agertzen diren arazoen irtenbideak bilatzen jarraitzen dugu, eskumen hori pertsonentzat baliagarria izatea nahi dugulako batez ere", adierazi du bigarren lehendakariordeak.

Horrez gain, Icetak eta Mendiak egindako bileran Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionalaren transferentzia ere jorratu dute. Barakaldon (Bizkaia) du egoitza, eta industria sektoreko lan arriskuen prebentzioan dago espezializatuta. Eskumen horrekin Osalanek langileen osasuna bermatzeko ekintza osagarriak egin ahalko lituzke.

Era berean, lehendakariordeak Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzaren eskumenaz ere hitz egin dio Icetari, euskal enpresetako kontratazioak zaintzeko, eta prebentzio arloan neurri gehiago hartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Espainia Idoia Mendia Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua