Ekonomia -
Lan-istripua
Langile bat hil da Azpeitian, metalezko hodi batzuk gainera erorita
Kamioi bat deskargatzen ari ziren Amue kalean, eta argitzeke dauden arrazoiak medio, hodiak erori egin dira eta azpian harrapatu dute 50 urteko behargina.
eitb media
Garraiolari bat hil da Azpeitian (Gipuzkoa), gaur arratsaldean, deskargatzen ari zen kamioitik metalezko hodi batzuk gainera erorita, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Ezbeharra 15:15 aldera gertatu da, Gipuzkoako udalerriko Amue kalean dagoen Mendiaraiz enpresan. Oraindik argitzeko dauden arrazoiak medio, metalezko piezak erori egin dira kamioitik, eta azpian harrapatu dute behargina.
Langilea lekuan bertan hil da. 50 urte zituen eta Bidean Garraioak konpainiarentzat egiten zuen lan.
ELA sindikatuak emandako datuen arabera, urtea hasi zenetik Euskal Herrian hil den bederatzigarren behargina da, bigarrena Gipuzkoan.
ELAk premiazko neurriak hartzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzari eta, zehazki, laneko osasun eta segurtasun arauak betetzen direla bermatu dezala exijitu dio.
"Borondate politikoarekin eta enpresarien konpromisoarekin nahikoa izango litzateke lan-istripuen arazoari irtenbidea ematea, eta horrek etekin ekonomikoen gainetik beharginen osasuna eta segurtasuna jartzea eskatzen du", azpimarratu du sindikatuak ohar batean.