Ekonomia -

SESTAO

Belgikako VGP taldeak eskuratu ditu Navaleko lurrak 36 milioi euroren truke

Parke logistikoen sustapen, alokairu eta salmentan espezializatutako talde belgikarrak Sestaoko La Naval ontziola zaharraren likidazio prozesuan eskaintzarik onena aurkeztu du.

Ontziola, EFEren artxiboko irudi batean.
Sestaoko ontziola.
Ontziola, EFEren artxiboko irudi batean.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

VGP Belgikako logistika taldeari esleitu dizkiote Naval ontziolako lurrak, 36 milioi euroko eskaintza aurkeztu ostean, salmenta prozesuaren berri duten iturriek jakitera eman dutenez.

Parke logistikoen sustapenean, alokairuan eta salmentan espezializatutako talde horrek aurkeztutako eskaintzaren alde egin du konkurtso-administratzaileak. VPGk Bruselan du egoitza, eta lursail horietan industria- eta logistika-parke bat eraiki nahi du, ontziola zaharraren "ezaugarri ikoniko" batzuk babestuz, hala nola garabiak.

Sestaoko Naval ontziola 20 sailetan banatu dute likidaziorako, eta joan den ostiralean bukatu zen eskaintzak egiteko epea. Guztira, 100 eskaintza jaso dituzte, horietako 11 sail nagusirako, hots, lur-sailerako, makineriarako eta pabiloietarako. Horrela, ontziolaren 300.000 metro koadroko lursailaren jabetza eskuratuko du.

Navaleko lurretan eskaintza egin duten konpainien artean ACS dago, baita Marina Meridional talde galiziarra edo Valeriano Urrutikoetxea (Vusa) euskal enpresa ere.

Navalek bere jarduera bertan behera utzi eta bere langile guztientzako lan-erregulazio espedientea planteatu zuen.

Industria jarduera eskatzen dute

Euskal Herriko Itsas Foroak, EAEko ontziolen klusterrak, esan du "erabat" onartezina izan dela lur-zorua "sektorearekin zerikusirik ez duten jardueretarako" bideratuko duen enpresa bati esleitzea, eta ez du baztertzen eskaintza egin duten beste enpresa batzuk helegiteak jartzea.

Javier Lopez de la Calle zuzendariak Europa Press albiste-agentziari azaldu duenez, ez dute ulertzen erabakia, eta azpimarratu du beharrezkoa dela industria jarduerari eustea jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatu nahi badira.

Merina Meriodonalek, bere aldetik, esan du ACSrekin batera aurkeztu zuen eskaintza "oso ona" zela, eta proiektua egungo instalazioak berreskuratzean eta jarduera industrialari eustean oinarritzen dela. 

Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburu eta bigarren lehendakariordeak ere lur-zoruak industria jarduerarako izan daitezen euskal erakundeek "bultza" egin beharko luketela iritzi dio. "Erakundeetatik bultza egin dezakegun heinean, egingo dugu, industria jarduera egon dadin lur-zoru horietan, enplegu kualifikatuarekin, onena izango delako inguru horrentzat eta Euskadirentzat", gaineratu du.

EH Bilduren talde parlamentarioa ere kezkatuta agertu da, erabakiak "Ezkerraldearen desindustrializazioa handituko" duelako, eta eremu horretan zentro logistiko bat jartzea "industria politikaren aurkako astakeria bat" delako.

UGT sindikatuak, berriz, lehentasuna enpleguari eta jarduera industrialari emateko eskatu dio administrazio publikoari. Sindikatuak ohartarazi duenez, "biltegi logistikoak eraikitzearen aldeko apustua egiten bada bakarrik, lanpostu gutxi sortuko dira, eta oso prekarioak".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Sestao albisteak Azken ordukoa Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea La Naval azken ordukoa Lan gatazkak azken ordukoa Industriaren azken ordukoak