Ekonomia -
Euroaren krisia
Defizit handiegia duten herriei zigorra ezarri nahi diete
Frantziak eta Alemaniak adostu duten neurria da. Sarkozyk eta Merkelek EBko itunen erreformen nondik norakoak azalduko dizkiote asteazkenean Europako Kontseiluko presidenteari gutun baten bidez.
Erredakzioa
Frantzia eta Alemania defizit handiegia eta ezarritako BPGren % 3 baino gehiago duten herriei zigorrak ezartzearen alde daude, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak gaur Parisen azaldu duenez, Angela Merkelekin bildu ostean.
Sarkozyk eta Merkelek EBko itunen erreforma egiteko nondik norakoak azalduko dizkiote asteazkenean Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteari gutun baten bidez.
Ildo horretan, Sarkozyk esan du nahigo duela "Itun berriak" 27en babesa izatea, baina horrela ez bada, euroguneko 17 kideen babesarekin soilik aurrera aterako lukete.
Itun hori zabalik egongo litzateke azkenean Frantziak eta Alemaniak proposatutako horrekin bat egitea nahi duten herrientzat.
"Oinarrizko aldaketak behar dira", esan du Merkelek, eta "ezin diegu aldaketa horiei aurre egin egungo itunekin".
Sarkozyren hitzetan, itun berriarekin "Europar Batasuneko erabakiak % 85eko gehiengo kalifikatuarekin hartuko dira", eta alde batera utziko dute guztien adostasunaren araua.
"Ez dugu nahi batzuek besteen aurrerapenak blokeatzea; horretarako, % 85eko gehiengo kalifikatua proposatu dugu", esan du Alemaniako kantzilerrak.
Bestalde, euroguneko krisia dirauen bitartean, hilero batzartzea proposatu du Frantziako presidenteak; horietan moneta bakarreko estatuburuek eta gobernuburuek parte hartuko dute.
Sarkozyk eta Merkelek eurobonoen erabilera ukatu dute, eta Europako Banku Zentralaren independentzia babestu dute.