Ekonomia -
Bilera Marseillan (Frantzia)
Rajoyren egitasmo ekonomikoa babestu dute AEBek
Hauteskundeetan lortutako garaipenagatik Barack Obamak zoriontzen duela jakinarazi dio Rajoyri Timothy Geithner AEBetako Altxorraren idazkariak.
Erredakzioa
Mariano Rajoy PPko buruzagiak Espainiako Gobernuan aurrera eraman nahi duen egitasmo ekonomikoari babesa eman dio gaur Timothy Geithner AEBetako Altxorraren idazkariak.
Rajoyk eta Geithnerrek ordu erdiko bilera egin dute Marseillan. Europako Alderdi Popularraren goi-bileran parte hartzen ari da Rajoy. AEBetako ordezkaria, aldiz, Europatik bira egiten ari da euroguneko egoera ekonomikoa bertatik bertara aztertzeko.
Elkarrizketaren amaieran ez du adierazpenik egin Geithnerrek. Hala ere, alderdi Popularreko iturriek jakitera eman dutenez, hauteskundeetan lortutako garaipenagatik Barack Obamak zoriontzen duela jakinarazi dio Rajoyri AEBetako Altxorraren idazkariak.
Bere ekimen batzuk azaldu dizkio Geithnerri Rajoyk, besteak beste, datozen bi urteetan defizitaren mugak zehaztea eta bi erreforma ahalik eta azkarren egiteko xedea: lan-erreforma eta finantza-sistemaren berregituraketa.
"Egin behar duena da"
AEBetako ordezkariaren hitzetan, "Rajoyk Espainian egin nahi duena, egin behar duena da". "Egokia iruditu zaio", errepikatu dute PPko iturriek.
Kudeaketan arrakasta izatea opa diote PPko buruzagiari AEBek. Obamak aplikatutako neurri ekonomiko nagusiak gogorarazi dizkio Rajoyri Geithnerrek, besteak beste, bankuen eredua, baina batzuetan asmatu eta beste batzuetan huts egin dutela onartu du.
Alan Solomont AEBetako enbaxadoreak lagundu du Geithner bileran. Bien bitartean, Rajoyk Jorge Moragas kabineteko buruzagia eta Alvaro Nadal ekonomia aholkularia izan ditu laguntzaile bezala.