Ekonomia -
Euskadi
Eusko Jaurlaritzak Gazte Justizia Plana onartu du, lau urterako 100 milioirekin
Legearen arau-hausteren bat egiten duten 14 eta 18 urte bitarteko pertsonei zuzendutako esku-hartze judizialen prebentzioa sustatu eta horien kalitatea hobetu nahi du plan berriak.
N.B. | EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzak 2020-2024 Gazte Justizia Plan berria onartu du, 100 milioi eurokoa, aurrekoan baino 20 milioi gehiago bideratuko dituzte, neurri batean adingabeentzako zentro berri bat martxan jartzearen ondorioz.
Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburuak Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, 1996tik aurrerako bosgarren plana da, eta, aurrekoak bezala, 14 eta 18 urte bitarteko gazteen arau-hausteak prebenitzera bideratuta dago.
Artolazabalen esanetan, adingabe arau-hausleak "gutxiengoa" dira, urtean 600 inguru, eta kasu gehienetan indarkeria eta larderia bidezko lapurreta-delituak, ebasketa-delituak, familia-indarkeria delituak eta lesio-delituak egiten dituzte.
100,5 milioi euroko aurrekontua du ekimenak, aurrekoak baino 20 milioi euro gehiago. Igoera horren arrazoi nagusiak dira Arratian (Bizkaia) adingabeentzako zentro berri bat martxan jarri izana, Txema Finez zentroa handitu izana eta Bilboko eta Gasteizko ingurune irekiko zentroetako langileen kopurua handitu izana.
Horrela, 77,7 milioi euro zentro-sarearen gastuak ordaintzeko erabiliko dira, eta 7,5 milioi euro, berriz, segurtasuna bermatzeko. 10,6 milioiko partida batek talde psikosozialetako 33 profesionalen lana ordainduko du, eta 11,7 milioi inbertituko dituzte ingurune irekiko zerbitzuen programen estalduran.
Artolazabalek azpimarratu duenez, aurrekontu horri esker, bere sailaren menpe dauden adingabeentzako zentro horietan Euskal Administrazioaren eskumenekoak diren ebazpen judizial guztiak gauzatu ahal izango dituzte.
Gainera, kontziliazio- eta erreparazio-programetarako sarbidea erraztuko du, bai eta gazte-justizian inplikatutako eragileen prestakuntza espezializaturako sarbidea ere.
Gaur egun, Euskadin 131 plaza daude gazte-justiziako zazpi zentrotan, eta adingabe arau-hausleak hartzen dituzte, barneratze-neurri irmo edo kautelazkoa bete behar dutenak.
Ingurune zabaleko zerbitzuetan, prestakuntza- eta hezkuntza-neurriak hartzen dituzten 48 gazteri ematen zaie arreta. 2019an, adingabe arau-hausleei ezarritako neurri irmoen % 75 ingurune irekikoak izan ziren.