Ekonomia -
Iruzkina
Hiru abiadurako Europa
Batzuk Eurogunearen baitan eta diziplina fiskaleko itunari lotuta leudeke, beste batzuk ez batean eta ez bestean, eta Danimarkak diziplina fiskaleko ituna bere egingo luke, baina Eurogunetik kanpo.
Jesus Torquemada
Frantziak eta Alemaniak aurrez porposatu zutena da, gutxi-gora behera, Euroguneko buruzagiek Kontseiluan erabaki dutena: euroa osatzen duten hamazazpi herrialdeek akordio bat adostea eta Europar Batasuneko gainontzeko hamar kideek hitzarmen hori babestu dezatela, nahi izanez gero.
Ezezko borobila eman dute dagoeneko Erresuma Batuak eta Hungariak; Suedia eta Txekiar Errepublika pentsatzekotan geratu dira eta Danimarka, Polonia, Letonia, Lituania eta Bulgariak bat egin dute Eurogunearen plangintzarekin, euroa ez erabili arren; Danimarkak, nahi ez duelako, eta gainontzekoek oraingoz ezin dutelako.
Ikusteke dago, ordea, Eurogunearen baitan dagoen eta hitzarmenari atxikipena eman dion Irlandaren jarrera. Izan ere, akordio horrek Europako Itunen erreforma eragingo balu erreferendum bidez bozkatu beharko lukete hori irlandarrek. Hori kontuan hartuta, zera proposatu dute Merkelek eta Sarkozyk: gobernuen arteko adostasun soilarekin gauza litekeen Lisboako Itunaren protokolo bat aldaraztea, ez Itunaren muina bera.
Europako Kontseiluaren gaurko bigarren saioan orain artekoa aldatu ezean, ez bI, baizik eta hiru abiadurako Europako Batasunaren zatiketaren aurrean geundeke. Herrialde batzuk Eurogunearen baitan eta diziplina fiskaleko itunari lotuta leudeke, beste batzuk ez batean ez bestean, eta Danimarkak diziplina fiskaleko ituna bere egingo luke baina Eurogunetik kanpo beti ere. A ze nahaste borrastea!