Ekonomia -

Azpeitia

Tapia: "Azpeitiko Hirigintza planak baimendu egiten du Corrugados berriz irekitzea"

ITPri dagokionez, Jaurlaritza ezin dela enpresa erosteko eskaintza baten edo bestearen alde agertu nabarmendu du sailburuak.

Corrugados. Argazkia: EITB Media
Corrugados. Argazkia: EITB Media
Corrugadosen aferak Azpeitiko Udalaren eta Jaurlaritzaren arteko ika-mika piztu du

1:30

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak adierazi du Azpeitiko (Gipuzkoa) Hirigintza planak baimendu egiten duela Corrugados berriz irekitzea. Horrenbestez, oztopo bakarra "politikoa" dela gaineratu du.

Eusko Legebiltzarrean eskainitako prentsaurreko batean, Tapiak ohartarazi du "arriskuan" dagoela 700 lanpostu zuzen eta zeharkakoak sor ditzakeen proiektu bat.

Sailburuak gogorarazi duenez, Cristian Lay taldeak sustatutako proiektuari Udalak jarritako oztopoak ingurumenaren eta Hirigintzarekin lotuta zeuden, eta ingurumen arloan enpresa "prest" zegoen "behar beste inbertsio" egiteko.

Hirigintzari dagokionez, Azpeitiko udal gobernuak ohartarazi du legez kanpokoa dela lantegia berriz irekitzea, herrigunean dagoelako, eta egungo Hirigintza Planak ezartzen duelako lurzail horietako batzuk etxebizitzetarako eta ekipamenduetarako direla.

Horren ildotik, Tapiak ukatu egin du Azpeitiko Hirigintza Planak jarduera industrial hori galarazten duela. “Hirigintza planak baimendu egiten du”, berretsi du sailburuak. Hortaz, arazoa “politikoa” dela nabarmendu du.

Era berean, Udalak herri kontsulta egin nahi badu, bere jarrera argitu beharko duela iritzi dio sailburuak: “Hirigintza nahiago badu, jarduera industriala baino gehiago, esan dezala”.

ITPren kasua

Bestalde, Tapiak azaldu du Jaurlaritzak ezin dela ITP enpresa erosteko eskaintza baten edo beste baten alde agertu.

Arnnovarekin batera Jaurlaritzak ITP erosteko aukerari dagokionez, sailburua esan du "zuzenak ez diren" hainbat informazio publikatu direla.

Testuinguru honetan, Tapiak esan du Gobernuarentzat "inportanteena" proiektua dela. "Jaurlaritza lehen lerroan dago balizko erosleekin hitz egiten eta aukera ezberdinak aztertzen".

"Guretzat garrantzitsua da proiektu industriala izatea, Euskadin errotuta; enplegua sortzea eta etorkizunekoa izatea", adierazi du. Horrenbestez, gauza horiek guztiak bermatu ditzaketen eskaintzak begi onez ikusiko dituztela erantsi du.

ITP erosteko hainbat hautagai egongo balira, Jaurlaritzak ezingo lukeela esku hartu ohartarazi du. "Ez da logikoa Gobernu batek hala jokatzea", azaldu du.

Dena dela, ITP erosteko aukera onena zein den zehazten denean, baliteke Jaurlaritzak proiektu horretan parte hartzea aztertzea. "Iraganean ITPko akziodunak izan ginen", gogorarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak