Publizitatea
Itxi

2021/03/22

13:00

Ekonomia

LAN GATAZKA

Jendetza bildu da Laudion, Aiaraldeko enpleguaren defentsan

EITB MEDIA

Eskualdeko 17 enpresa batzorderen babesarekin antolatu duten manifestazioak Arabako herria zeharkatu du goizean.

1:12
Manifestazioa. ETBren bideo batetik ateratako irudia.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ehunka lagunek parte hartu dute gaur Laudion (Araba) Aiaraldeko enpleguaren defentsan eta Tubacexen iragarrita dauden kaleratzeen kontra. Eskualdeko 17 enpresa batzorderen babesarekin egin dute martxa.

10:00etan abiatu da manifestazioa Laudioko herriko plazatik Tubacexeko ateraino, bertan langileekin bat egiteko. Manifestariek Eusko Jaurlaritzaren esku-hartzea eskatu dute.

Gaur bete du, hain justu 40. eguna Tubacexeko langileen greba mugagabeak. Ostegunean zuzendaritzak enpresa batzordeari jakinarazi zionez, Amurrioko eta Laudioko lantegietako 129 pertsonari eragingo die ezarri nahi duten enplegu murrizketak. Kopuru horretatik, 95 kaleratzeak, 12 aurretiko erretiroak eta 22 baja pizgarriak izango lirateke.

Petrolioaren eta gasaren sektorearen krisi "luzeak" eta "pandemiak bizkortu duen" energia garbien deskarbonizazio eta bultzada-prozesuak behartu dituela kaleratzeak esan du enpresak, eta industria berrantolatu eta kostuak aurreztu behar direla.

Enpresa batzordeak, ordea, enpresaren argudioak ez direla benetakoak adierazi, eta "erabaki horren atzean zuzendaritzaren eta administrazio kontseiluaren diru-gosea eta interesak baino ez daudela" salatu du.

Gauzak horrela, Aiaraldeko enpresetako langile batzordeek manifestazioa deitu zuten, ohar bateratua kaleratuta: "Aiaraldeko enpresetako enpresa batzordeak Tubacexeko langileak egiten ari diren borroka eredugarriaren lekuko izaten ari gara" dio enpresa batzordeek kaleratutako oharrak. "Azken aste hauetan, guztiok ikusi ditugu greban dauden langileei emandako babes-adierazpenak. Era guztietako eta hainbat sektoretako babes-adierazpenak, bai inguruko enpresena, bai saltokienak, ostalaritzarenak, partikularrenak, etab. Jakin badakigu, eskualdeko gainerakoek bezala, Tubacexen zerbait gertatzen bada, guztioi eragiten digula, eta ezin dugu onartu Laudion jatorria duen multinazionalaren zuzendaritzak planteatutako enplegu-suntsiketa, are gutxiago Eusko Jaurlaritzak bermatutako zerga-salbuespen eta laguntza ugari dituen eta izan dituen enpresa bat denean".

"Horregatik guztiagatik, eta Aiaraldean piztutako klase elkartasuna ikusi ondoren, haratago joan nahi dugu, eta eskualdeko enpresa guztien erabateko babesa erakutsi nahi dugu, Tubacexeko gure kideek eskualdeko langileriaren babesa jaso eta sentitu dezaten" zioten oharrean.

Hauek dira euren babesa agertu duten enpresa batzordeak:

Autoglas OPCO Laudio
Guardian LLodio
Amurrio ferrocarril y equipos
Envases
Imegar
Amurrioko Udaleko batzordea
Berriak supermerkatuak
Maderas de Llodio
Montajes Metálicos Jauregui
Inauxa
Deguisa
Jez
Vidrala - Aiala vidrio
Tubos Reunidos
Laudioko Udaleko langileen batzordea
ITP - PCB
Laudio Ikastola

Enpresa askotako langileen elkarlanaren erakusle, aurreko astean Aernnovako enplegu-erregulazioko espedientearen epaiketaren lehen saioaren aurrean, Tubacexeko eta ITP Aeroko langileek elkarretaratzea egin zuten, elkarrekin, Bilbon, enplegua defendatzeko.

Sare sozialetan ere oihartzun handia izaten ari da Tubacexeko lan-gatazka, #TubacexBorrokan traolak izan duen zabalkundeak erakusten duen moduan. 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;