Ekonomia -

SILVER ECONOMY

Adineko pertsonak ekonomiaren erdigunean jartzeko plan bat abiatu du Gipuzkoak

Horrela, 'Silver economy' delakoaren esparruan espezializatzeko oinarriak ezartzen ditu lurraldeak; merkatu horrek lurraldeko BPGren % 5,5 eta enpleguaren % 9,2 ematen dizkio Gipuzkoako ekonomiari.

Adineko pertsonak ekonomiaren erdigunean jarriko ditu Gipuzkoak. EFEren artxiboko irudia.
Adineko pertsonak ekonomiaren erdigunean jartzeko plan bat abiatu du Gipuzkoak
Adineko pertsonak ekonomiaren erdigunean jarriko ditu Gipuzkoak. EFEren artxiboko irudia.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberri zahartze osasuntsuaren estrategiaren baitan, "silver economy" delakoa bultzatzeko plan bat garatuko du, bost espezializazio nitxotan oinarrituta: zerbitzu sozio-sanitarioak eta arreta-ereduak, etxearen egokitzapena eta laguntza teknikoak, turismoa, ingurune lagunkoiak eta teknologia gaitzaile digitalak.

Estrategia horrek ikuspegi soziala eta ekonomikoa bateratuko ditu, horrela, alde batetik, adinekoen bizi kalitatea eta arreta hobetzeko, eta, bestetik, enpresa proiektu berrien sorrera eta hazkundea bultzatzeko.

Hala azaldu du gaur goizean Jabier Larrañaga Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak, Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendariarekin batera, 'Silver economy' estrategia lurraldean garatzeko ikerketaren aurkezpenean. Azpimarratu dutenez, merkatu horrek BPGren % 5,5 (1.472 milioi) eta enpleguaren % 9,2 (31.885 lanpostu) ematen dizkio Gipuzkoako ekonomiari, eta 2025ean BPGren % 32 izatea eta Europar Batasuneko enpleguaren % 38 sortzea espero dute.

Nitxo horiek identifikatzeko, Adinberrik azken urtean bultzatutako ikerketa bat hartu da oinarri, eta inkesta eta elkarrizketa sakonak egin zaizkien 188 eragilek baino gehiagok esku hartu dute. Gainera, alderaketa bat egin da Estatuan eta nazioartean garrantzitsuak diren erakundeekin, hala nola Silver Valleyrekin (Frantzia), Acciórekin (Katalunia) edo UK Research and Innovationekin (Erresuma Batua).

Larrañagaren esanetan, estrategia horrek "ikuspegi soziala bateratuko du, adinekoen bizi-kalitatea eta arreta hobetuz, eta ekonomikoa, hazkundea eta enpresa-proiektu berrien sorrera bultzatuz.

Azterketak ondorioztatu duenez, "bost nitxo horiek baldintza guztiak betetzen dituzte lurraldearentzat aukera-gune bat izateko: masa kritikoa, 'Silver' kolektiboaren beharrekiko lerrokatzea, enpresen interesa, eta Gipuzkoan eremu horiei lotutako berrikuntza- eta ezagutza-gaitasunak izatea".

Bost merkatu-nitxo

Lehen nitxoa, zerbitzu sozio-sanitarioena eta arreta ereduena, pertsonarengan oinarritutako arreta eredutik abiatuko da, eta arreta berezia jarriko du telemedikuntzan eta telelaguntza aurreratuan, alde batetik, eta estimulazio kognitiboan, bestetik.  Afagi, Oroi edo Cita Alzheimer erakundeek, besteak beste, abian jarrita dituzte dagoeneko zenbait programa estimulazio kognitiboaren alorrean.

Bigarrena, etxea egokitzeari eta laguntza teknikoei buruzkoa da, eta etxebizitza irisgarrien diseinuan zein desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonek etxean bizitzen jarraitzeko eta beren autonomia pertsonala bermatzeko produktuetan oinarritzen da. Joera hori areagotu egin da pandemiaren ondorioz, eta horrek etxeko arreta zerbitzuen eskaria handitzea eta egoitzetako eredua egokitzea ekarri du. 

Turismoari dagokionez, helburua Gipuzkoa "Europa hegoaldean lehen mailako helmuga senior gisa finkatzea da; izan ere, talde horrek joera du jendetza handirik ez dagoen garaietan bidaiatzeko eta tenperaturak ez dira muturrekoak, eta hainbat faktore baloratzen ditu, hala nola zerbitzuaren kalitatea, garraio ona eta paisaia-aniztasuna, lurraldeko turismo-eskaintzarekin bat datozenak".

Era berean, ingurune lagunkoien nitxoak Gipuzkoak adinekoen egunerokoan eragin positiboa izango duten espazio eta ingurune publikoak sortzeko duen gaitasuna indartu nahi du, hiri eta landa eremuak barne hartuta. Helburu hori bat dator Osasunaren Mundu Erakundearen Hiri Lagunkoiren Programarekin. Udalerri askok bat egin du programa horrekin, eta abian dira dagoeneko ekimen garrantzitsuak, horien artean, Donostia Lagunkoia programa.

Azken honek, zeharka, bosgarren nitxoa izango du oinarri, hots, teknologia gaitzaileak. Gipuzkoa ondo kokatuta dago esparru honetan, hala nola adimen artifizialean, obotikan edo errealitate birtualean, eta horiek etxean, espazio publikoetan, osasun-gailuetan edo telelaguntzakoetan edo zaintzaileen lan inguruneetan dituen aplikazioetan, besteak beste.

“’Silver economy’ delakoa bizi dugun eraldaketa digitalerako palanka gehigarri bihurtu nahi dugu”, nabarmendu du Larrañagak, eta lurraldean eremu hori indartzeko "zerbitzuen ekonomiak" duen garrantzia ere azpimarratu du. Esparru estrategiko horri erantzungo dion Jarduera Plan laster jarriko dela martxan gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostia argazkiak Gipuzkoako albisteak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia azken ordukoa Adinekoak gaurko berriak