Ekonomia -
2012ko kontu publikoak
Bilduk eta EAJk Gipuzkoako Aurrekontuak adostu dituzte
Horrela, aurtengo Aurrekontuak 2012ra luzatzea galarazi dute. Gaur azalduko dituzte akordioaren nondik norakoak.
Erredakzioa
EAJk eta Bilduk akordioa lortu dute Gipuzkoako Aurrekontuen inguruan, koalizio abertzalearen iturriek jakinarazi dutenez. Ondorioz, proiektua Ganberara itzularaztea eta aurtengo kontu publikoak 2012ra luzatzea galarazi dute.
Akordioa igande arratsaldeko azken orduan itxi dute, eta edukia gaur bertan zehaztuko du Markel Olano EAJko bozeramaileak, Batzar Nagusietako saioa hasi baino lehen.
Bilduk gutxiengoan gobernatzen du Gipuzkoako Aldundian, eta EAJrekin akordioa lortu behar zuen jeltzaleek Aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketa kentzeko. Gaurko saioan, baina, PSE-EEk eta PPk eutsi egingo diete euren osoko zuzenketei.
Joan den astean, EAJk eta Bilduk negoziazioak egin zituzten, jeltzaleek jarritako bi baldintzen aurrean akordioa lortzeko: enpresei laguntzak ematea eta Aldundiak zaborren kudeaketaren aurrean duen jarrera "argitzea".
Laguntzen inguruan jarrerak gertu zeuden, baina erraustegia negoziazioetako oztopo nagusietakoa izan da.