Ekonomia -

Gipuzkoako Aurrekontuak

Erraustegiaren gaineko erabakia atzeratzea adostu dute Bilduk eta EAJk

EAJk babestu egingo ditu Bilduren Aurrekontuak, enpresentzako diru-laguntzen eta aipatu atzerapenaren truke.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia. Argazkia: EFE
Bilduk eta EAJk Gipuzkoako Aurrekontuak adostu dituzte

01:33

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk atzera bota du Gipuzkoako Aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketa, Bildurekin akordioa lortu eta gero.

Hori horrela, koalizio abertzaleak 2012ko Aurrekontuak onartu ahalko ditu, aurtengoak luzatzea galarazita. Trukean, oniritzia eman die EAJren bi baldintzari: enpresei krisiaren aurkako diru-laguntzak ematea eta erraustegiaren inguruko edozein erabaki sei hilabete atzeratzea.

Markel Olano EAJko bozeramaileak Batzar Nagusietan azaldu duenez, Bilduk ezingo du hartu "azpiegitura galarazteko edo oztopatzeko erabakirik" gehiengoa duen erakundeetan.

Zaborren kudeaketari buruzko eztabaida Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordean egingo dute hurrengo sei hilabeteetan.

Akordioa gaur arratsaldean bertan geratuko da argi. Izan ere, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa batzartu egingo da (Bilduk kontrolatzen du), baina ezingo du erabakirik hartu.

Olanok zehaztu duenez, sei hilabeteko atzerapen honek ez die kalte ekonomikorik ekarriko erraustegiaren eraikuntza esleitu dieten enpresei.

Bestalde, akordioa lortzeko, Foru Gobernuak onartu egin du Berrikuntza Sailak 8 milioi euroko laguntzak ematea Gipuzkoako enpresei. Laguntza beste bi milioitan handitu daiteke udaberrian.

Olanok esan du negoziazioa "bizia eta gogorra" izan dela, eta EAJk oposizio "eraikitzailea" egin asmo duela.

EAJren eta Bilduren arteko akordioaren ondorioz, Aldundiak onartu ahalko ditu 2012ko Aurrekontuak. PSE-EEk eta PPk osoko zuzenketak aurkeztu dituzte, baina eurek baino ez dituzte babestuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea