Ekonomia -
Ezkortasuna nagusi
Europako Burtsek indartsu egin dute behera
Ibex 35ek % 3,1 galdu du eta Espainiako arrisku saria 400 puntutik gora kokatu da zenbait unetan.
Erredakzioa
Europako burtsek beherakada handiak jasan dituzte, % 2 baino gehiago galdu dute. Moody's arrisku agentziak herrialdeen zorra jaitsi dezakeela ohartarazi eta gero ezkortasuna zabaldu da.
Joan den astean, Europako Kontseiluak diziplina fiskala eta erreskate funtsa indartzeko akordioa iragarri eta gero, goraka nabarmenak izan zituzten burtsek, baina astelehen honetako saioan poztasun hori desagertu egin da.
Milango burtsa izan da eurogunean jaitsiera handiena jasan duen indizea, & 3,79 egin du behera. Frankfurteko burtsa % 3,36 jaitsi da, Ibex 35ek % 3,11 galdu du eta Parisko burtsak % 2,61.
Londresko burtsak, berriz, % 1,83 egin du atzera.
Moody's arrisku agentziak Europako Kontseiluak joan den astean erabakitakoa kritikatu du eta 2012ko lehen hiruhileko bonuen kalifikazioa gainbegiratuko duela ohartarazi du.
Agentziaren arabera, adostutako neurriek ez dute epe laburrean kreditu merkatuak egonkortzea lortuko, baina fiskalitatean koordinazio handiagoa lortzeko egindako ahalegina goraipatu du.