Publizitatea
Itxi

2021/04/07

16:40

Ekonomia

Aldarrikapena

Europako funtsekin "proiektu pribatuak" garatuko direla salatu dute ELAk eta LABek

A. O. | EITB MEDIA

Asteazken honetan egin dituzten agerraldi banatan, funtsen kudeaketa "zentralizatuta" egongo dela deitoratu dute bi sindikatuek, eta kezkatuta agertu dira gaur egungo lan egoerarekin.

  • Europako funtsen izaera eta kudeaketa salatzeko LABek egin duen agerraldia.

    Europako funtsen izaera eta kudeaketa salatzeko LABek egin duen agerraldia. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Next Generataion EU suspertze plan europarraren kudeaketa "zentralizatuta" egongo dela deitoratu dute asteazken honetan ELA eta LAB sindikatuek, goizean egin dituzten agerraldi banatan. Ildo horretatik, oso kezkatuta agertu dira gaur egungo lan egoerarekin.

LAB sindikatuak suspertze plan horren izaera eta "kudeaketa zentralista eta iluna" salatu du, eta garapen "demokratikoago" baten "paradigma berri" baten eraikuntza aldarrikatu du, langileak lehenetsiko dituena korporazio pribatu handien aurrean.

Bilbon egindako agerraldian, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak, Endika Perez Gizarte Ekintzako idazkariak eta Precision Casting Bilbao (PCB) eta Aernnova euskal enpresetako langileek hartu dute parte, urtarrilean bi lan-erregulazio espediente iragarri ostean.

Perezek azaldu duenez, "Europako funtsen % 0,6 soilik erabiliko da zerbitzu publikoetan inbertitzeko", eta % 89,6 multinazional handiek "aurreikusita" zituzten "megaproiektuetarako" erabiliko da.

Ondorioz, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Next Generation EU planetik dirua jasotzeko aurkeztu dituzten proiektuei babesa ematea baztertu du sindikatuak.

LABen iritziz, Europako funtsen helburua "diru publikoa esku pribatuetan jartzea" da, eta Europar Batasunak "bizitzak erdigunean" jarriko dituela esateko "frogarik" ez dagoela gaineratu dute.

Testuinguru horretan, LABek bere "bost proposamen eraldatzaileak" ere aurkeztu ditu, "garapen demokratikoagoaren paradigma berria" eraikitzeko asmoz.

Lehentasun gisa, inbertsio publikoa handitzea eta diru publikoa jasotzen duten enpresen kontrol "politikoa eta ekonomikoa" eskatu du, enpleguari eustea eta enplegua "duina eta kalitatezkoa" izatea bermatzeko.

Horrez gain, zaintza lanen banaketa eta berrantolaketa eskatu du, ekoizpen eta kontsumo eredua "iraunkorrago" baterantz aldatzea, "enpresa batzuen mozkin neurrigabeak" mugatzea eta lanaldia 30 ordura murriztea.

Ondorioz, datozen asteetan LABek eragile politiko, sindikal eta sozialekin biltzeko ahaleginak egingo dituela iragarri du, "akordioak bilatzeko" eta "borroka fasea" zein "aktibazio soziala" bultzatzeko.

Bestalde, Europako berreraikitze funtsetatik espero den "milioika euroen kopurua" ez dela "espero bezain beste" izango ohartarazi du ELAk; izan ere, Espainiak jasotzen duenaren % 70 itzuli beharko du bere irabazi propioekin.

ELAren ustez, funts horiek "murrizketekin batera datoz"; izan ere, "Espainiako Estatua behartuta egongo da pentsioen sisteman erreformak egitera, lan-erreforma ez indargabetzera edo epe ertainean defizit publikoa kontrolatzeko neurriak hartzera, funts horiek jaso nahi baditu".

Gainera, ELAren arabera, "funts horiek enpresa handien proiektu pribatuei mesede egiteko sortu dira, horiek baitira digitalizazioan edo ustezko trantsizio ekologikoan inbertsio handiak egiteko gaitasuna duten bakarrak".

Euskadiren kasuan, ELAren iritziz, "dirua ez da zerbitzu publikoak indartzeko erabiliko", baizik eta "Iberdrola, Petronor, Sener, MCC edo Repsolen proiektuak finantzatzeko, azpiegitura handietarako eta krisi honetara ekarri gaituen eredu neoliberala errepikatzen duten proiektuetarako".

Sindikatuak azaldu duenez, bere azterketan ikusi du Europar Batasunak iragarritako "aurrekaririk gabeko kopurua" ez dela "hasieran espero zena bezain handia".

Gaineratu duenez, "Europako Banku Zentralaren arabera", Espainiako Estatuak (140.000 milioi euro jasoko dituela zenbatu dute) "baliabide propioen bidez jasoko dituen funtsen % 70 itzuli beharko du, eta, azkenean, 42.000 milioi euroko transferentzia garbiak izango dira".

ELAk adierazi duenez, funtsen kudeaketa "zentralizatuta" egongo da Gobernu zentralean, eta, ondorioz, "bertan behera" geratu da autonomia erkidegoek "erabakian eragiteko" duten gaitasuna.

Europako funtsak alde batera utzita, ELAk EAEko eta Nafarroako autonomia erkidegoetako enpleguaren datu negatiboak aztertu ditu txostenean, 2020an izandako koronabirusaren krisiaren ondorioz, eta azpimarratu du aldi baterako lan-erregulazioek "arindu" egin dutela enpleguaren suntsiketa, baina "epea amaitzen denean" langabeziak gora egin dezakeela ohartarazi du.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena