Ekonomia -

Ekonomia iraunkorra

Eusko Jaurlaritzak bosgarren bono iraunkorra jaulki du 1.000 milioi euroren truke

Eskariak eskaintza hirukoiztu du, eta % 70eko esleipena egin dute nazioarteko inbertitzaileek eta % 30ekoa inbertitzaile nazionalek.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua. Argazkia: EFE.
Pedro Azpiazu Ekonomia sailburua
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburua. Argazkia: EFE.

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak "Euskadiko Bonu Iraunkorraren" bosgarren jaulkipena abiarazi du asteazken honetan, 11 urterako 1.000 milioi euroko balioarekin. Eskariak eskaintza hirukoiztu du, eta % 70eko esleipena egin dute nazioarteko inbertitzaileek eta % 30ekoa nazioko inbertitzaileek.

Ohar baten bidez, Exekutiboak azpimarratu du jaulkipen horrek eragiketa handiena merkatuan gauzatuko duela, eta "finantza-egoera sendoa indartu eta baliabideak bermatuko dituela, covid-19aren pandemiak sortutako aparteko egoerari aurre egiteko".

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak iragarri zuen bezala, ekitaldi honetan zorpetzera joko zen nabarmen. Eskariak hiru aldiz gainditu du eskaintza, eta jaulkipen horretan parte hartu duten finantza erakundeak Norbolsa, Kutxabank, Santander, Caixabank, HSBC eta Deutsche Bank dira.

"Eragiketa honek inbertsiogileen babes sendoa erakusten du, 11 urterako % 0,45eko kupoi finkoarekin", gaineratu du. Inbertsiogile nazionalen % 30ean kokatu da, eta nazioartekoen % 70ean; Frantzia da lehen inbertsiogilea, eta Italia, Alemania, Portugal eta Britainia Handia ditu atzetik.

Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, "bonu iraunkorren merkatuaren garapenean zeregin garrantzitsua betetzeko asmo sendoarekin jarraitzen du, bai eta finantzaketa arduratsua eta eraginkorra sustatzeko ere, Euskadiko ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-erronkei aurre egiteko".

Bonu jasangarrien bosgarren edizio honi ekiteko, finantzaketa-esparru berri bat egin da, 2018an egindakoa eguneratzen duena, eta proiektu berdeei eta/edo sozialei lotutako finantzaketa-tresnak definitzen dituena. Esparru honetan sartzen diren kategoriak duela hiru urteko berberak dira.

Jaulkipen berri hau 2018ko maiatzean hasitako prozesu baten bosgarrena da. Eusko Jaurlaritza izan zen zor jasangarria jaulki zuen lehen euskal erakundea, 500 milioi eurokoa, eta bost jaulkipenen zenbateko osoa 3.200 milioi eurokoa da.

Pedro Azpiazuren ustez, Exekutiboak horrelako finantza produktuekin duen esperientzia "oso positiboa" izaten ari da, eta bonu iraunkorren merkatuaren garapenean "paper garrantzitsua" bete nahi dute. "Ikusten ari gara, gainera, inbertitzaileek oso positibotzat jotzen dutela Eusko Jaurlaritzak iraunkortasunaren alde egindako apustua", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizarte zerbitzuak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Koronabirusa