Ekonomia -
Muskiz (Bizkaia)
Petronorreko aldi baterako lan erregulazioaren aurkako txistualdia, astelehen honetan
Lan erregulazioa negoziatzeko batzordeak bigarren bilera egingo du astelehen honetan. Asteazkenean beharginek elkarretaratzea egingo dute findegiaren sarreran.
EiTB Media | Agentziak
Beharginen herenari (350 pertsona inguru) eragingo dion aldi baterako lan erregulazioaren aurka protesta egiteko, mobilizazioei berriz helduko diete Petronorreko langileek astelehen honetan. "Pandemiaren ondorioz jarduerak behera egin duelako" abendura arte lan erregulazioa planteatu zuen zuzendaritzak.
Oraingoan, txistualdi bat egingo dute 12:30etik 13:30era, findegiaren alboan. Lan erregulazioa negoziatzeko batzordeak bigarren bilera egingo du astelehen honetan.
Enpresak aurkeztutako dokumentazio "zabala" aztertzen ari dira beharginen ordezkariak. Asteleheneko bileran zuzendaritzari galderak egingo dizkiote, langileei erregulazioa aplikatzeko irizpideen inguruan.
Mobilizazioen egutegia
Gainera, datorren asteazkenean elkarretaratzea egingo dute 13:30etik 15:30era findegiaren sarreran, eta ondoren langileen batzarra 14:05etik 14:45era.
Ostiralean manifestazioa egingo dute 13:00etatik 14:30era. Protesta findegitik abiatu, Muskizeko udaletxera joan eta lantegira itzuliko da.
Apirilaren 19an (astelehena) eta 20an (asteartea) lanuzteak egiteko asmoa dute, 7:00etatik 9:00etara. Era berean, elkarretaratzeak egingo dituzte findegiaren sarreran. Apirilaren 21an (asteazkena) 11:00etatik 13:00etara lanuztea egingo dute, eta elkarretaratzea Eusko Jaurlaritzaren egoitza aurrean, Bilbon.