Ekonomia -
Funtzio Publikoko Mahaia
CCOOk eta UGTk Funtzio Publikoaren Mahaia utzi dute
Jaurlaritzaren proposamenek sindikatu guztien ezetza jaso dute. ELAk eta LABek abenduaren 2an utzi zuten negoziazio publikoko mahai nagusia.
Erredakzioa
CCOOk eta UGTk Funtzio Publikoko Mahai Nagusiaren inguruan Eusko Jaurlaritzak funtzionarien lan baldintzen inguruan aurkeztutako azken proposamena baztertu dute.
UGTk esan duenez, Jaurlaritzak murrizketak mantendu nahi dituela ikusita, proposamena baztertu du. CCOOk, berriz, bihar prentsaurreko batean emango ditu bere jarreraren azalpenak.
CCOO eta UGTren oposizioarekin, Jaurlaritzaren proposamenek ez dute sindikatu bakar baten babesik. ELAk eta LABek Funtzio Publikoko Mahai Nagusian ez dutela parte hartuko iragarri zuten abenduaren 2an Jaurlaritzak murrizketen inguruan egindako proposamen guztiak erretiratu artean.
Arantza Agote UGTren ordezkariak ohar batean jakinarazi du negoziazio bide guztiak "agortuta" daudela, eta urtarrilaren 9tik aurrera, bere sindikatuak "enplegu publikoaren defentsan" mobilizazioak bultzatuko dituela esan du.
Hau Funtzio Publikoko Mahai Nagusiaren laugarren bilera izan da. Joan den azaroaren 23an egin zen lehena, Eusko Jaurlaritzak Administrazio Publikoko langileen gastuen murrizketarako hainbat neurri proposatu zituen 2012an 100 miloi euro aurrezteko.
Sindikatuen jarrera "etsigarria" da, Jaurlaritzaren iritziz
Sindikatuek Funtzio Publikoko Mahai Nagusian izandako jarrera "etsigarria" dela iritzi dio Eusko Jaurlaritzak. Exekutiboak langileen gastuen murrizketarako proposatutako neurrien inguruan ez da akordiorik lortu.
Justizia eta Administrazio Publikoaren Saileko iturriek adierazi dutenez Jaurlaritzak negoziaziorako "borondatea" izan du, eta ondorioz, hasiera batean aurkeztu zuten proposamena "akordio batera heltzeko" helburuarekin aldatzen joan direla azpimarratu dute, baina hala ere, mahaiaren emaitza "etsigarria" izan dela azpimarratu dute.
Eusko Jaurlaritzak ELAren eta LABen jarrera kritikatu du, "mahai gainean proposamen bakar bat ere ez" dutelako jarri.
CCOOk eta UGTk, berriz, negoziazioeran aldeko jarrera izan dutela adierazi du, baina Patxi Lopezek aurkeztutako enplegu publikoaren inguruko akordioan parte hartu nahi ez izana "etsigarria" dela adierazi du.