Ekonomia -
Laguntzak
Lanbideko bulegoen 'kolapsoa' salatu dute Eusko Legebiltzarrean
Gipuzkoako Aldundiak diru-sarrerak bermatzeko errentaren abenduko nominak ordainduko ditu.
Erredakzioa
Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak azken egunotako Lanbideko Bulegoen "kolapso izugarria" salatu du.
EAEko Enplegu zerbitzuak Gasteizko Txagorritxuko bulegoa itxi behar izan zuen atzo epe labur batez diru-sarrerak bermatzeko errenta jaso nahi zuten jende kopuru handia zela eta.
Orain arte udalek eta diputazioek eramaten zuten laguntza hori, baina legearen erreformarekin orain EAEko Enplegu Zerbitzua da horren arduraduna.
EAk jakinarazi duenez, Eusko Jaurlaritzak "derrigorrez" erantzun bat eman behar die laguntza horien bila doazen pertsonei. "Ezin da laguntza hori atzeratu udal zerbitzuetatik Lanbideko zerbitzura eskualdatzean kontrolik izan ez dutelako", esan du.
Mikel Arana EBko legebiltzarkidearen hitzetan, Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietarako sailburuak diru-sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa "edonola" egin du.
Ildo horretan, Garbiñe Saez Molinuevo EAJko legebiltzarkideak Eusko Jaurlaritzak gai horretan izandako "aurreikuspen eza" salatu du, eta "kolapso" hori Lanbideko bulego guztietara hedatu eta "orokorra" bihurtu daitekeela iragarri du.
Gipuzkoako Aldundiak abenduko nominak ordainduko ditu
Gipuzkoako Foru Aldundiak Gizarte Politikako Saila "buru belarri ari da lanean eta erraztasun guztiak jartzen" Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta Eusko Jaurlaritzari eskualdatzeko, "onuradunek ahalik eta kalterik txikiena jasan dezaten Lanbideren kudeaketarengatik". Horrela, foru erakundeak lau milioi euro ordainduko ditu 10.500 onuradunen abenduko nominetan, nahiz eta Jaurlaritzaren ardura den ordainketa hori Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Legearen Aldaketa sartu zenetik, joan den abenduaren 13tik aurrera, hain zuzen.
Ander Rodriguez Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak "etsipena" azaldu du Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren kudeaketaren eskumena hartzean "Eusko Jaurlaritzaren kaos eta inprobisazioarekin, eragiten ari den kaltearengatik". Aldi berean, Lanbideri eskatu dio jar ditzala abian behar adina baliabide inor arretarik gabe gera ez dadin eta gizarte prestazioa jaso behar duen orok jaso dezan.
Rodriguezek azaldu duenez, "Eusko Jaurlaritzak noraezean jarri ditu foru zerbitzuak, udalak eta herritarrak Lege horren argitalpen eguna aurreratuta"; izan ere, legea 2012ko urtarrilaren 1ean zen indarrean sartzekoa. "Gainera, ezin izan ditu zegozkion eskumenak hartu, dela herritarren arretan, dela laguntzen ordainketan. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak udalei eskatu die hitzorduekin jarrai dezatela, eta foru aldundiei abendukoa ordain dezagula, nahiz eta ez egokitu guri", adierazi du.
Foru diputatua kezkatuta agertu da Eusko Jaurlaritzaren jarrerarekin, eta nabarmendu du Lanbidek "taxu handiagoa" erakutsi behar duela errenta horien kudeaketari eta ordainketari dagokienez, "hartara inork kalterik jasan ez dezan eta prestazioan atzerapenik izan ez dadin".
Zentzu honetan, berriro esan du "aldaketa horren kontra eta Gemma Zabaleta sailburuak ezarritako gizarte murrizketen kontra egon" arren, Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritzaren "lankide" izango dela datu eta ordainketa guztiak eskualdatzeko zereginean.