Ekonomia -

Langileen eguna

Auzitegiak berretsi du Maiatzaren Leheneko ekitaldietan murrizketak bete behar direla

Hala, atzera bota ditu ELAren eta CC. OO.-ren helegiteak. Mugikortasun mugek "manifestaziorako eskubidea urratzen" dutela iritzi diote sindikatuek.

Manifestazioa Iruñean. Argazkia: Efe
Manifestazioa Iruñean. Argazkia: Efe
Manifestazioa Iruñean. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin du Ertzaintzaren zuzendariak apirilaren 22an kaleratutako agindua, hau da, Maiatzaren Leheneko ekitaldietan osasun agintariek ezarritako neurriak errespetatu behar direla, mugikortasunari lotutakoak barne.

Hori horrela, auzitegiak atzera bota ditu ELAren eta CC. OO.-ren helegiteak. Mugikortasun mugek "manifestaziorako eskubidea urratzen" dutela iritzi diote sindikatuek, herritar askok ezingo baitute antolatutako mobilizazio nagusietan parte hartu.

Epailearen erabakiaren berri izan aurretik, Eusko Jaurlaritzak ukatu egin zuen Langilearen Egunean manifestaziorako eskubidea murriztuko zuela, eta esan zuen logikoena dela herritarrak bizi diren herrian mobilizatzea, izan ere, asko dira pandemiaren egoeragatik perimetralki itxita dauden udalerriak.

ELAk salatu du ebazpen horrek "oinarrizko askatasunak urratzen" dituela eta berretsi egin du Euskal Herriko hiriburuetan antolatu dituen manifestazioetan osasuna bermatzeko prebentzio neurriak zorrotz beteko dituztela.

"Ezarritako murrizketak kontraesankorrak dira; izan ere, posible da hiriburuetara joatea lanerako bada eta leku itxietan lan egitea, manifestazioak iraungo duena baino ordu gehiagoz", erantsi du.

LABen esanetan, epai horrek erakusten du auzitegietan "neutraltasuna galtzen" dela "klaseen arteko gatazkak areagotzen" diren heinean.

"Eusko Jaurlaritzarentzat eta EAEko Justizia Auzitegiarentzat langileen mobilizazioak dira arazoa", kritikatu du. Halaber, Maiatzaren Lehenerako antolatu dituen manifestazio guztien deialdiak mantentzen dituela zehaztu du.

Ebazpen judiziala argitaratu aurretik, Raul Arza eta Loli Garcia UGT eta CCOO sindikatuetako idazkari nagusiek esan dute ulertezina izango litzatekeela herritarrei manifestazioetara joateko eskubidea kentzea.

"Ez du zentzurik manifestazio batera joateko eskubidea murriztea, oinarrizko eskubide bat urratzea baita", adierazi du.

Aste honetan, Eusko Jaurlaritzak adierazi du Maiatzaren Leheneko mobilizazioak udalerrietan egin beharko liratekeela, manifestazio handiak saihesteko, martxoaren 8an gertatu zen moduan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana Langileen nazioarteko eguna Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Sindikatuak EAEko Justizia Auzitegi Nagusia