Ekonomia -
MAIATZAREN LEHENA
Aldaketa fiskalak egiteko eta lan-baldintzak hobetzeko ordua dela esan du ELAk
Krisi honetatik nola atera, hori da jokoan dagoena, ELAren ustez; horretarako, "aldaketak, eta ez murrizketak", behar direla nabarmendu du.
EITB MEDIA
ELA sindikatuak deituta, manifestazio jendetsuak egin dira Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, "Aldaketa garaia da!" goiburupean. Langileentzako lan-baldintza duinak aldarrikatzearekin batera, bi izan dira eskakizun nagusiak: lan-erreforma bertan behera uztea eta aldaketa fiskalak lehenbailehen abian jartzea. 11:30ean abiatu dira Bilboko, Donostiako eta Iruñeko martxak, eta Gasteizkoa, berriz, ordu erdi lehenago.
Bilbokoan izan da Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, eta berak jarri dio ahotsa sindikatuen eskakizunei. Donostian Amaia Muñoak hitz egin du, Iruñean Imanol Pascualek eta Gasteizen Leire Gallegok. Aldaketak egiteko ordua dela nabarmendu dute guztiek.
"Aldaketa garaia dela, ideia hori nabarmendu nahi dugu Maiatzaren Lehen honetan. Urkullu lehendakariak dio ez dela lan-erreforma indargabetzeko garaia, ez dela aldaketa fiskala egiteko garaia. Bada, aldaketarako garaia ez dela esaten digutenak dira aldaketak prestatzen ari direnak. Badakigu aste hauetan bai Bruselan eta Madrilen gauza askori buruz hitz egiten ari dela. Izan ere, krisi honen irteera da jokoan dagoena. Eta jokoan duguna hori da: aldaketak edo murrizketak", esan dute.
Lakuntzak azaldu duenez, "pentsioekin eta lan-erreformarekin zer gerta daitekeen" ikusteko dago, eta "oso kezkatuta" daudela esan du. "Gobernuaren helburua da beranduago erretiratzea, eta pentsio kaskarragoekin. Erretiratzeko adin erreala legezko adinera hurbildu nahi dute, hau da, 67 urtera. Hori da plana. Erabaki horrek datozen urteetan milaka euskal langileri kalte egingo lieke. Murrizketa oso larria litzateke", nabarmendu du ELAk.
Arestian aipatutako arrazoiak direla eta, aldaketa-garaia dela berretsi du Lakuntzak: “Aldaketak nahi ditugu, krisi honi ematen zaion irteera ez dadin izan 2008koa bezalakoa. Gehiegi ikusi eta ikasi dugu ordutik hona”. Gainera, aldaketa “kontzientzia kolektiboa sortuz, antolatuz eta mobilizatuz” soilik lor daitekeela berretsi du ELAren ordezkariak.
Sindikatuak azaldu du aldaketok gauzatzeko honako bidea hartuko dutela: “Euskal ogasunetan zerga-erreforma galdegin dugu, uda baino lehenago. Bi arrazoi ditugu horretarako. Batetik, baliabideak gehitzea eta krisiak gogorren kolpatu dituen sektore eta herritarrak laguntzea; hau da, inor bidean botata ez geratzea. Bestetik, oraingo zor eta defizit publikoa 2010ekoa baino askoz handiagoa da, eta urte hartan hasi ziren murrizketak. Beraz, Bruselak exijitzen dituen arau fiskalak etorriko dira; bihar ez bada, etzi. Europan ez da aldaketa handirik gertatu. Jokoan dagoena da krisi honen faktura murrizketen bidez ordainduko den ala zerga-erreforma baten bidez, gehien dutenek gehiago ordain dezaten”.
Hala, Lakuntzak gogorarazi du foru ogasunekin, Chiviterekin eta Urkullurekin zerga-erreformaz hitz egiteko bilerak deitu zituztela. Foru ogasunek, alabaina, ez dutela erantzun eta Urkulluk “gaia bere esku ez dagoela” esan diela deitoratu du.