Ekonomia -

Koronabirusa

Euren langileak txertatzea eskatu dute Bizkaiko etxeko laguntza zerbitzuko enpresek

500 bat zaintzaile enplegatzen dituzten zortzi enpresen elkarteak "diskriminazioa" salatu du, beharginok "ezinbestekoak" baitira pandemia garai honetan.

Zaintzaile bat, adineko pertsona batekin. Artxiboko argazkia: EFE
Zaintzaile bat, adineko pertsona batekin.
Zaintzaile bat, adineko pertsona batekin. Artxiboko argazkia: EFE

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aprisad Bizkaiko etxeko laguntza zerbitzuko enpresen elkarte pribatuak bere langileak covid-19aren kontra "berehala txertatzea" eskatu eta beharginok pairatzen ari diren "diskriminazioa" salatu du.

Ohar batean azaldu duenez, zaintzaileok "ezinbesteko lana" egiten dute osasun larrialdian, menpekotasuna duten edo 65 urte baino gehiago dituzten pertsonak artatzen dituztelako.

Enpresa pribatuok 500 bat langile dituzte. Gogorarazi dutenez, "gure beharginek arreta zuzeneko zerbitzua ematen dute, ospitale eta adinekoen zentroetan osasun zerbitzuek ematen duten gisan".

Enpreson hitzetan, "oso arduratuta" daude euren langileak txertaketa prozesuan jasotzen ari diren "tratu ezberdinagatik". "Bezeroari emandako zerbitzuak kontratu pribatu bat du oinarri, eta hori da ez txertatzeko arrazoi bakarra", kritikatu dute.

"Pandemia egoera honetan ez da ulergarria gu atzean uztea, 2020an gertatu zen bezala. Norbera babesteko ekipamenduak eskatu genituenean ere, ezikusiarena egin zuten erakundeek", gogorarazi dute.

Horren aurrean, publikoki salatzea erabaki du Aprisad enpresen elkarteak, baina ohartarazi du "honekin nahikoa ez balitz, beste neurri batzuk" hartzeko prest dagoela. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Eusko Jaurlaritza Gaixotasunak Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Enpresaburuak Txertoak