Ekonomia -
Hego Euskal Herria
Sindikatuek mobilizazioak deitu dituzte Kolonbian bakea bermatzearen alde
Elkarretaratzeak ostegun honetan izango dira, 18:30ean, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eta erakundeen inolako siglarik gabe egingo dituzte.
N. B. | EITB MEDIA
Hego Euskal Herriko sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte ostegun honetan, maiatzaren 6an, "Bakea, bizitza eta demokrazia Kolonbian" lelopean.
ELA, LAB, CCOO Euskadi, UGT Euskadi, ESK, Steilas, CGT Nafarroa, EHNE Bizkaia, EHNE Nafarroa, Etxalde eta Hiru sindikatuek elkarretaratzeen berri eman dute.
Guztiak 18:30ean izango dira, maiatzaren 6an, osteguna, lau hirietako gune estrategikoetan: Iruñeko Udaletxe plazan, Bilboko Arriaga Antzokian, Donostiako Boulevard kioskoan eta Gasteizko Correos eraikinaren aurrean.
Ivan Duqueren gobernuaren zerga erreformaren aurkako mobilizazioak egiten ari dira Kolonbian.
Sindikatuek zerga erreforma hori kritikatu dute, "Kolonbiako herriaren lan-baldintzak eta bizitza prekarizatzen dituelako" eta "Kolonbiako gobernuak bake akordioak betetzeko borondaterik ez duelako".
Era berean, apirilaren 28an herrialdean egindako greba nazionalaren eskaerak "bidezkoak eta legitimoak" izan zirela adierazi dute, eta "Kolonbiako protesten kriminalizazioa eta disidentzia politikoa" gaitzetsi dituzte.
Gainera, sindikatuek "giza eskubideen eta grebarako eskubidearen urraketa etengabea" salatu dute, baita "egun hauetan Kolonbiako herriaren aurka egindako indarkeria bidegabea eta poliziaren bortizkeria" ere.