Ekonomia -

ELKARGI-REN BATZAR OROKORRA

Covid-19 maileguak berritzeko 5.200 eskaera baino gehiago kudeatu ditu Elkargik

Lehendakariak esan duenez, "pandemia global honetatik ikasitako ikasgaietako bat aliantzak eta tokiko lankidetza indartzeko beharra da".

Elkargiko bazkideen batzarraren aurreko prentsaurrekoa. Argazkia: Irekia.
Elkargiko bazkideen batzarraren aurreko prentsaurrekoa.
Elkargiko bazkideen batzarraren aurreko prentsaurrekoa. Argazkia: Irekia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elkargik, Elkarren Bermerako Sozietateak, covid-19ari aurre egiteko maileguak berritzeko 5.200 eskaera baino gehiago kudeatu ditu (530 milioi euro), 2020an sinatu zen zenbateko osoaren % 70 inguru. Guztira, 4.600 eragiketa baino gehiago izan dira, ia 500 milioiko balioarekin.

Iaz, 948 milioiko eragiketak finantzatu zituen, eta aurreko urteko finantza-jarduera "hirukoiztu baino gehiago" egin zuen. Jarduera hori "erabakigarria izan zen bederatzi mila enpresa-proiekturi eta 150.000 enpleguri eusteko".

Hala adierazi du Josu Sanchez Elkargiko presidenteak, Zenon Vazquez elkarteko zuzendari nagusiarekin eta lehendakariarekin batera, Elkargiko bazkideen batzarraren aurreko prentsaurrekoan.

Sanchezek azpimarratu duenez, 2020a "benetan urte zaila" izan da, covid-19a dela eta. Dena dela, Elkargik "arin" aurre egiten jakin du, enpresei finantzaketa eta likidezia eskaintzeko, Jaurlaritzarekin, Nafarroako Gobernuarekin eta beste erakunde batzuekin batera. Presidentearen ustez "datozen hilabeteetan susperraldi ekonomikoa" aurreikusi da, baina susperraldi hori txertaketa-erritmoaren araberakoa izango da; izan ere, hori da "krisialditik ateratzeko lehen neurria".

Gainera, Elkargik iaz covid maileguetan 750 milioi euroko likidezia jarri zuela merkatuan gogorarazi du , 9.000 enpresa proiekturentzat, gutxi gorabehera, "150 000 lanpostu mantentzen lagunduz".

Gaur gaurkoz "Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin batera, Elkargi 5.200 berritze-eskaera baino gehiago kudeatzen ari da, eta 530 milioi euro jaso ditu, iaz sinatutako eragiketa horiek guztiek gabealdia eta epemuga handitzeko aukera izan dezaten". "Covid maileguak itzultzeko hiru urte gehiago irabaztea da helburua", azaldu du.

Bestalde, Iñigo Urkulluk azpimarratu du garrantzitsua dela estrategia instituzional partekatu bat eta lankidetza publiko-pribatuko eredu bat landu eta indartzea.

"Pandemia global honetatik ikasitako ikasgaietako bat aliantzak eta tokiko lankidetza indartzeko beharra da", gaineratu du. Horrela, lehendakariak Elkargiren lana goraipatu du, "Enpresa guztiekin dugun harremanean aliatu arin eta eraginkorra" izan delako.

Lehendakariak adierazi duenez, "koronabirusaren pandemiak bake garaian eragin duen krisi global honek zailtasun handiak eragiten ditu ekonomian eta enpleguan". Horregatik, une zail hauetan, lehendakariak bere esker ona adierazi die Elkargiri eta euskal enpresen sare osoari, "esfortzu eta ahaleginarekin, beren jarduerari eusten ari direlako".

Martxoan 500 milioi euroko finantziazio lerro berria onartu zutela gogorarazi du lehendaarika, eta horietatik 250 dagoeneko onartuta daudela.

Urkulluk azaldu duenez, joan den astean 300 operazio berri baino gehiago egin zituzten, 48 milioi euroko balioarekin. Gainera, aurreko lerroko 3400 eragiketa inguru finantzaketa berriaren hobekuntzei atxiki zitzaizkien. Finantzaketa-lerro hori martxan jartzeko ahalegin ekonomikoa 115 milioira iritsi da. "Gure enpresa sarea babesteko apustu sendoa da", azpimarratu du lehendakariak.

Aurreikuspen ekonomikoak

Jaurlaritzaren hazkunde ekonomikoaren aurreikuspenen arabera, EAEko ekonomia % 6,7 haziko da 2021ean eta % 5,7 datorren urtean.

Ildo horretan, lehendakariak azaldu du hiru urteko iraupena izango duela. "2022. urtearen amaieran 2020an galdutako Barne Produktu Gordinaren muga % 2 baino gehiago gainditzea espero dugu", zehaztu du.

Enpleguari dagokionez, aurten 13.600 lanpostu sortzea espero dute, eta hurrengo urtean, berriz, 15.800. Horrela, langabezia-tasa % 10,1era jaitsiko da 2021ean eta % 9,5era 2022an. "Jarduera, inbertsioa eta enplegua berreskuratzea da gure lana", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gipuzkoako albisteak Albisteak Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea