Ekonomia -
Ondasunak publikatu ditu
Lehendakariak 366.000 euro deklaratu ditu, bi etxebizitzagatik
Lehendakariak Facebook sare sozialean bere ondasun publikoak publikatu ditu gaur, Legebiltzarreko PSEko ordezkari guztiekin batera.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak bi etxebizitza deklaratu ditu: 240.000 euroko pisu bat eta 126.000 euroko apartamentu bat. Horrez gain, kontu-korronte ezberdinetan 44.000 euro ditu eta zor publikoan 110.000 euroko gordailua.
Lehendakariak Facebook sare sozialean bere ondasun publikoak publikatu ditu gaur, Legebiltzarreko PSEko ordezkari guztiekin batera.
Jose Antonio Pastor PSEko bozeramaileak agerraldia egin du kazetarien aurrean eta adierazi du ondasunak publikoki agertzeko "borondatezko" erabakia "gardentasun" konpromisoa izan dela. Gainerako alderdiei gauza bera egiteko eskatu die. Iragan urriaren 7an, talde sozialistaren kideen ondasunak publikoki agertzeko konpromisoa hartu zuen, Legebiltzarrak euskal politikarien estatutuan alderdi guztiek deklarazio hori derrigorrez egin behar zutela baztertu ondoren. Bere deklarazioaren arabera, talde sozialistaren bozeramaileak bi etxebizitza dauzka; bat 180.000 eurokoa eta bestea 120.000 eurokoa. Horrekin batera, 320.000 euroko hipoteka du, horietatik 68.000 euro ordaintzeko dauzka oraindik. Bere kontu korrontean 1.200 euro dauzka. Jesus Eguiguren PSE-EEko presidenteak, berriz, bi etxebizitza eta nekazaritza-lursaila dauzka, baina horien balioa ez da publikatutako datuen artean agertzen. Horren gain, 30.000 euroko kontratua dauka El Pais Aguilar argitaletxearekin eta bi kontu korronte, 3.000 euroko batazbesteko urteko saldoarekin. Lau hipoteka ere ordaintzeko dauzka; 169.000 euro zor ditu guztira.