Ekonomia -

Lan ezbeharrak

Sestaoko ACBn bi istripu "oso larri" izan dira maiatzean, ELAk salatu duenez

Sindikatuak esan du tarte gutxian bi langile ospitaleratu behar izan dituztela ezbeharrak tarteko. Kritikatu duenez, "ekoizpena lehenesten da segurtasunaren gainetik".

Sestaoko lantegia, ETBren bideo batetik ateratarako artxiboko argazki batean.
Sestaoko lantegia.
Sestaoko lantegia, ETBren bideo batetik ateratarako artxiboko argazki batean.

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA sindikatuak salatu duenez, Sestaoko (Bizkaia) ACB lantegiko (ArcelorMitall taldearena) zuzendaritza "ekoizpena lehenesten da segurtasunaren gainetik" eta, ondorioz, langileen egoera "gero eta prekarioagoa" da. Horren erakusle, maiatzean izan diren "bi lan istripu oso larriak".

Sindikatuak ohar bidez jakinarazi duenez, hilabete honetako 12 egunotan bi ezbehar "oso larri" jazo dira lantegian. "Langile bat ospitalean zen bitartean, beste kide bat ingresatu behar izan dute".

ELAren esanetan, "lan segurtasunaren esparruko legea argia da: enpresako Prebentzio Zerbitzuek saihestu, kontrolatu eta murriztu behar dituzte arrisku egoerak, eta horretarako dituzten giza baliabideak zein baliabide material eta ekonomiko guztiak erabiliko dituzte".

Hori egin ordez, "enpresak bere baliabideak kontrarako baliatzen dituela dirudi, lehenetsiz ekoizpena langileen eskubide eta segurtasunaren aurretik", kritikatu du sindikatuak.

Halaber, beharginen "lan erritmo handiak" eta "jasaten duten jazarpen eta kontrol gogorra" salatu ditu ELAk. Gainera, bi istripuen kasuan, enpresak "ez du bete prozedura" prebentzio ordezkariei horren berri emateko betebeharra.

Horren aurrean, sindikatu abertzaleak ohartarazi du ez duela onartuko enpresak "orain erantzukizuna langileengan jartzen saiatzea, argi baitago segurtasun neurriak ez direla egokiak, eta daudenak huts egin dutela".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Sestao Bizkaia ELA Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Sindikatuak Enpresaburuak