Ekonomia -

ENPRESAK

Bitcoinen balioa % 20 erori da Teslak ordaintzeko metodo gisa onartzeari utzi ostean

Elon Musk ibilgailu elektrikoen konpainiako kontseilari delegatu eta CEOk Twitter bidez jakinarazi duenez, ez dituzte bitcoinak onartuko ingurumenean duten eragina dela eta.

Bitcoinak. Argazkia: Pixabay
Bitcoinak
Bitcoinak. Argazkia: Pixabay

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elon Musk Teslako kontseilari delegatu eta CEOk iragarri duenez, ibilgailu elektrikoen konpainiak bitcoina autoak erosi eta ordaintzeko metodo gisa onartzeari utziko dio, ingurumenean duen eragina dela eta.

AEBko bezeroei aukera hori zabaldu eta 50 egunera hartu dute erabakia. Ondorioz, kriptodiruak % 20 inguru egin du behera eta horren prezioa 50.900 dolarrera jaitsi da, Coindesk kriptodiruei buruzko webgunearen arabera.

Elon Muskek Twitter sare sozialean eman du albistearen berri. "Meatzaritzarako eta bitcoin salerosketetarako erregai fosilak gero eta gehiago erabiltzeak kezkatzen gaitu, ikatzak, bereziki, beste edozein erregaik baino emisio txarragoak baititu", azaldu du. Hala ere, Muskek ez die ateak itxi kriptodiruei, eta "maila askotan ideia ona" dela esan du, "etorkizun oparoa duela uste dugu, baina horrek ezin dio ingurumenari kostu handirik eragin".

Kriptodiruak ekoizteko energia-kontsumoak gora egin du azken urteotan. Cambridgeko Unibertsitateko Finantza Alternatiboen Zentroaren azterketa baten arabera, Bitcoinekin bakarrik gastua Finlandia, Suitza edo Argentinakoa baino handiagoa da.

Teslak 1.000 milioi euro baino gehiago ditu bitcoinetan, 1.250 milioi inbertitu eta posizio horren % 10 saldu ostean "likidezia frogatzeko". Oraingoz, konpainiak adierazi du ez duela bitcoin bakar bat ere salduko eta "meatzaritza energia iraunkorrago batera pasatu bezain laster" berriro erabiliko dituela. "Transakzio bakoitzeko bitcoin energiaren % 1 baino gutxiago erabiltzen duten beste kriptodiru batzuk ere bilatzen ari gara", azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Enpresaburuak