Ekonomia -
Elkarrizketa ETB-2n
Funtzionarioei lanaldia luzatu behar dien aztertzen ari da Jaurlaritza
Carlos Aguirrek baieztatu du soldatak izoztu egin beharko diela, Mariano Rajoyren Gobernuak iragarritako murrizketen baitan, baina lanaldi luzapenaren kasuan ez dago argi.
Erredakzioa
Carlos Aguirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu du Eusko Jaurlaritzak aztertu egingo duela Mariano Rajoyren Gobernuaren neurriak betez funtzionarioei lanaldia luzatu behar dien.
"Soldatak izoztu izanak eragina izango du [EAEko funtzio publikoan], oinarrizko materia baita eta Estatuko Aurrekontu Orokorretan jasota baitago, baina lanaldiaren luzapena aztertu egin beharko dugu, araudiaren garapenaren araberakoa izango baita", esan du, ETB-2ko "Egun on Euskadi" saioan egindako elkarrizketan.
Espainiako Gobernuak ordu erdi luzatu du funtzionarioen lan-astea, 37,5 ordura, joan den astean iragarritako lehen murrizketen baitan.
Ekonomiaren egoera
Aguirrek ez du baztertu Eusko Jaurlaritzak ere murrizketa gehiago egin behar izatea. Izan ere, "ekonomia desazelerazioan dagoenez, baliteke diru-sarrera helburuetara ez iristea". Nolanahi ere, Rajoyren neurrien ondorioz diru-bilekta hazten bada, murrizketak ez direla beharko gaineratu du.
Halaber, sailburuak ohartarazi du 2012an ez dela enplegua sortuko, merkatuen baldintzak aldatu ezean. "Urte amaieran agian", pentsatu du.
Bere esanetan, EAEko ekonomia hobetu egingo da aurtengo bigarren seihilekoan, eta urte amaieran baliteke hazkundea % 1ekoa inguru izatea.
Kutxabank
Bestalde, gaur Kutxabank jaio dela eta, Aguirrek iragarri du espero duela aste honetan bertan desblokeatzea kutxen lege berria.
Azaldu duenez, legea ez da existitzen oraindik Bizkaiko Aldundiak helegitea aurkeztu zuelako eta Tartekaritza Batzordeko kide batek dimititu egin zuelako.
Aguirreren hitzetan, kutxen lege berriarekin "gauza asko" aldatuko dira kutxen esparruan, oinarrizko araudia ere aldatuko baita.
Besteak beste, bankuen euskarri izateko xedez, aurrezki kutxek finantza erakunde izateari uztea gerta litekeela aipatu du.