Ekonomia -

Lan-gatazka

Metroko greba batzordeak soldaten akordioaren aurka joko du

Era berean, datozen bi asteetarako mobilizazio eta lanuzteekin jarraituko du. CCOO ez dago greba batzordean, baina inpugnatu egingo du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Metroko greba batzordea osatzen duten bost sindikatuek (ELA, LAB, UGT, ESK eta CIM) Administrazio Kontseiluak aurreko ostiralean soldaten inguruan egindako akordioaren kontra joko dute. Akordio horren arabera, 2011ko soldata igoera itzuli behar dute langileek, 1.500 euro inguru. Era berean, datozen bi asteetarako lanuzte eta mobilizazioei eutsiko diete.

CCOO sindikatua ez dago greba batzordean, baina sindikatuko iturriek azaldu dutenez, soldaten inguruko akordioaren aurka jotzeko asmoa dute haiek ere eta lehenengo neurria PRECOn lan-gatazka aurkeztea izango da. Adierazi dutenez, auzitegietara jo aurreko pausoa da hori.

Mobilizazioei dagokienez, bihar kontzentrazioa egingo dute Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean 10:30ean eta ostegunean lanuztea egingo dute 09:45 eta 12:45 artean.

Datorren astean berriro bilduko da greba batzordea lanuzteak eta kontzentrazioak hilabete amaiera arte luzatuko ote dituzten erabakitzeko. "Egoera ezer ere ez" dela aldatu salatu dute sindikatuek.

"Oleagak mugimenduak egin izan balitu edo benetako pausoak eman, sindikatuok agian beste era batera jokatuko genukeen, baina langileen asanblada deitzea ere ez dugu planteatu, egoera ez dela batere aldatu uste dugu eta. Aldatu bada, okerrera egiteko izan da. Duela hilabeteko gatazka bera dugu parean eta urtarrilean 1.500 euro kendu nahi dizkigute", gaineratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea