Ekonomia -
Lege berria, martxoan
Erkidegoek Gobernuaren baiezkoa beharko dute aurrekontuak onartzeko
Gainera, Espainiako Gobernuak neurri ekonomiko berriak iragarriko ditu gaur, zor publikoa aurten % 4,4ra jaisteko konpromisoan aurrerapausoak emateko.
Erredakzioa
Luis de Guindos Ekonomia eta Lehia ministroak Erkidegoetako aurrekontuak ''zorroztasunez'' kontrolatzeko ''neurriak'' ezarriko dituen lege berria iragarri du 'Financial Times' egunkarian.
''Aurretiko kontrolak ezarriko ditugu. Horrela, erkidegoek Gobernuaren baiezkoa beharko dute aurrekontuak onartzeko'', azaldu du.
Rajoyren Gobernuak lehen 100 egunetan martxan jarri nahi duen erreforma agenda ''oldarkor'' baten baitan kokatzen da lege berri hau.
Neurri ekonomiko berriak
Espainiako Gobernuak defizit publikoaren "zauria ixteko" premiazko neurri ekonomiko berriak iragarriko ditu ostegun honetan. Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoen ministroak astelehenean azaldu zuenez, neurriak ostegun honetako Ministroen Kontseilura eramango dituzte. Momentuz Montorok ez ditu hauen nondik norakoak aurreratu.
Hori bai, ministroaren hitzetan, Espainian "erabakiak hartzeko gai den Gobernu bat" dagoela erakutsiko diete neurri hauek "nazioarteko bazkideei eta gainontzeko Europako herrialdeei".
Sektore publikoa murrizteko txostena
Administrazioaren menpe dauden 300 enpresa baino gehiago berregituratu eta horrela gastua murrizteko helburua duen txosten bat aurkeztuko du Montorok ostegun honetako Ministroen Kontseiluan. Bilera horretan ildo nagusienetako bat izango omen da txosten hau.