Ekonomia -

Pentsiodunak

ELAk eta LABek bat egin dute pentsio duinen alde larunbaterako deitutako martxekin

Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu sindikatuotako idazkari nagusiek Espainiako Gobernuaren asmoak kritikatu dituzte, erretiroa hartzeko adina geroratzekoa, besteak beste.

Espainiako Gobernuak Bilbon duen Ordezkaritzan egindako elkarretaratzea. Argazkia: EFE
Espainiako Gobernuak Bilbon duen Ordezkaritzan egindako elkarretaratzea.
ELAk eta LABek pentsiodunek larunbaterako deitutako mobilizazioak babesten dituzte

3:44

EITB MEDIA | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pentsio duin eta publiko batzuen alde maiatzaren 29rako deituta dauden manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute gaur ELA, LAB, ESK, Steilas, CGT, CNT, Etxalde eta Hiru sindikatuek.

Pentsiodunen mugimenduak elkarretaratzea egin du goizean Espainiako Gobernuak Bilbon duen Ordezkaritzaren aurrean, eta bertan izan dira sindikatuotako ordezkariak, Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu ELAko eta LABeko idazkari nagusiak tartean.

Biek ala biek Espainiako Gobernuak egin asmo duen pentsioen erreforma kritikatu, eta pentsiodunen eskakizunak kontuan hartzeko deia egin dute.

"Pentsiodunen mugimenduak egindako aldarrikapenen aurrean entzungor ari da Espainiako Gobernua. Oso aldarrikapen oinarrizkoak dira: 1.080 euroko pentsioa eta 2011 eta 2013ko pentsioen erreformak bertan behera uztea", adierazi du Mitxel Lakuntzak.

ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, "egungo borrokak guztion pentsioak baldintzatuko ditu. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da maiatzaren 29an kalera irtetea, pentsioak defendatzera". Ohartarazi duenez, "erretiro adina luzatu nahi dute, enplegu-sistema osagarrien eredua zabaldu nahi dute, eta, azken finean, pentsio sistema publikoa deseraiki nahi dute kapituluz kapitulu iragartzen ari diren neurrien bidez".

Ildo beretik mintzatu da Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia ere. Horren esanetan, Espainiako Gobernuaren asmoak "pentsio sistema publikoaren kontrako beste eraso bat" izango dira. Horien aurka mobilizatzeko beharra azpimarratu du, eta honakoa erantsi: "Pentsio duinak defendatzea ez dagokie pentsiodunei bakarrik, langile guztiei baizik. Espero dezagun larunbatekoa mobilizazio egun garrantzitsua izatea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo ELA LAB Espainiako Gobernua Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Sindikatuak Pentsioak Steilas ESK