Ekonomia -
EAE-KO SUHILTZAILEAK
EAEko aldundi eta udaletarako suhiltzaileen EPEa atzera botatzeko eskatu du ELAk
Sindikatuaren esanetan, ez ditu plantillak sendotuko. Horregatik, prozesu propioen alde egiteko eskatu die erakundeei, eta mobilizatzeko deia egin die langileei.
A. S. | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko suhiltzaile zerbitzuetarako enplegu publikorako eskaintza (EPE) atzera botatzeko eskatu du ELA sindikatuak, eta aldi baterako enplegua sendotzeko oposizio propioen alde egiteko eskatu die Bilboko, Gasteizko eta Donostiako udalei eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiei.
ELAk ohar batean azaldu duenez, suhiltzaileen zerbitzuari buruzko lan-eskaintza publiko bateratua egiteko oinarrien zirriborro bat helarazi diote azken egunotan hainbat erakundek.
Sindikatuaren esanetan, Arkautiko Akademiak egindako oinarrien zirriborroa da, "ez da plantillak kontsolidatzeaa jasotzen", eta "egungo aldi baterako langileen lanpostuak arriskuan jartzen dira".
Testua, gainera, "ez da negoziatu, ez da partekatu, eta ez da inon kontsultatu, ez zerbitzuetako langileekin, ezta horien ordezkariekin ere", eta, horregatik, testua kentzeko eskatu du.
ELAk prozesu propioak babesteko eskatu die erakundeei, eta mobilizatzeko deia egin die langileei. Horrela, Arabako Erakunde Autonomoan lanuztea deitu dute ekainaren 3rako.