Ekonomia -
Arrantza
Berdelaren kota Gobernuaren 'kontrol ezagatik' jaitsi dela salatu dute
Eugenio Elduayen Gipuzkoako Kofradien presidenteak uste du 2012rako jarri dieten kota Espainiako Gobernuaren "kudeaketa txarrak" eragin duela.
Eugenio Elduayen Gipuzkoako Kofradien presidenteak uste du Espainiako Gobernuak 2011n izan duen "kontrol ezagatik" eta "kudeaketa txarragatik" murriztu duela Europar Batasunak berdelaren kota, iaz gehiegi arrantzatzeagatik jarritako isuna.
ETBn egindako elkarrizketa batean Elduayenek azaldu duenez, arrantzaleek "indarrean zegoen araudia bete zuten egunero eta astero".
"Deskargatzen dugun bakoitzean egunero arrantzatzen dugunaren berri ematen diogu Gobernuari, baina gure ontziarena bakarrik kontrola dezakegu, besteena kontrolatzeko Administrazioa dago", azpimarratu du.
Horren harira, Gobernuak argudiatu omen du deskargen parteak "berandu" iritsi zitzaizkiola, baina arrantzaleak "ez gaude ados". "Dirudienez, gehiegi arrantzatu genuen 2011n, eta horregatik murriztu dute kota, baina Gobernuaren kontrol eza izan da gehiegizko arrantza baino gehiago", berretsi du.
Elduayenen esanetan, berdelaren arrantzak "diru-sarrera handiak eragiten ditu Kantauri Itsasoko ontzientzat eta, kota murriztuta, baztertuta geratuko da".