Ekonomia -
Bilkura Diputatuen Kongresuan
Rajoyren Gobernuaren neurri ekonomikoen aurka bozkatuko du Amaiurrek
Rafael Larreinak kritikatu duenez, "neurri horiek gizarteko sektore ahulenak kaltetuko dituzte eta langabezia eta pobrezia gehiago eragingo ditu".
Erredakzioa
Amaiurrek iragarri du Espainiako Gobernuaren neurri ekonomiko berriak eztabaidatzeko Diputatuen Kongresuan egingo den saioan kontrak bozka emango du eta Euskal Herriak ekonomia eta fiskalitate gaietarako "marko propioa" behar duela aldarrikatuko du, "krisiak eragindako arazoak modu sozial batean konpontzeko tresnak behar ditugulako".
Krisiari aurre egiteko Rajoyren Gobernuak aurkeztu dituen neurrien aurka bozkatzeko Amaiurren arrazoiak azaldu ditu Rafa Larreina diputatuak: "Neurri horiek gizarteko sektore ahulenak kaltetuko dituzte, politika fiskalean atzera egitea suposatzen du eta sektore espekulatiboei egiten die mesede". Amaiurren iritzian, Espainiako Gobernuak egoera sozio-ekonomikoaren azterketa okerra egin du. "Gobernuaren helburu nagusia defizita hutsean geratzea da, baina lehentasuna langabeziarekin zuzenean amaitzea izan beharko litzateke", kritikatu du Larreinak. Era berean, aipatu neurriak indarrean jarrita pobreziak gora egitea ekarriko du, "langabezia-tasa hazi egingo delako eta sektore ahulenak babesik gabe geratuko direlako". Gauzak horrela, Larreinak ohartarazi du pentsioduneei, adibidez, PPk iruzurra egin diela eta erosteko ahalmena galduko dutela. Gutxiengo soldataren edota Dependentzia Legearen inguruan hartutako erabakiak ere salatu ditu.
Horrez gain, Berrikuntzarako eta Garapenerako aurrekontuak edota funtzio publikorako aurrekontuak murrizteak "lanpostuak galtzea eta zerbitzu publikoaren kalitateak okerrera egitea ekarriko du", iragarri du.
Amaitzeko, Larreinak berretsi egin du "kapital gehien dutenei gehiago" eskatzearen aldekoa dela Amaiur. "Gehien dutenek gehiago ordaindu behar dute, eta ez alderantziz".