Ekonomia -
Euskadi Irratiko elkarrizketa
Xabier Iturbe: 'Garitanok iragarritako neurriak keinu politikoak dira'
Xabier Iturbe Kutxako presidenteak egoera "latza eta gogorra" dela berretsi du. "Geldirik gaude, eta ez dugu ikusten noiz jarriko garen martxan", adierazi du.
Erredakzioa
Xabier Iturbe Kutxako presidentea Euskadi Irratiko "Albiste Faktorian" izan da eta martxan jarri berri den Kutxabanki buruz aritu da, baita ekonomiaren aurreikuspenei buruz eta Kutxaren erronkei buruz ere.
Kutxabankek ekarriko duenaren inguruan, Iturbek azaldu du hiru entitate bakarrean bilakatzeak sendoago eta handiago egingo dituela.
Baina Administrazio Kontseiluaren osaketarekin sortu den polemikaren inguruan ere hitz egin du. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Kutxabanken Administrazio Kontseiluaren osaketaren aurka egin eta bide judiziala ere aipatu ostean, Iturbek adierazi du "keinu politikoa" dela eta ez duela inongo eraginik.
Gizarte ekintzari dagokionez, Kutxabankek alor horren inguruko erabakiak nola kudeatuko dituen galdetuta, Iturbek adierazi du atal hori ez dela integratu: "Gipuzkoatik kudeatuko dugu guk, eta Kutxabanketik Euskal Herriko proiektu globalak koordinatuko ditugu". Lehentasunen artean, Kutxak orain arte izan dituen zutabe nagusiak (osasuna, zientzia eta ikerketa eta kultura) bultzatzen jarraituko duela adierazi du, besteak beste, Onkologikoa, Inbiomed eta Kutxaespazioa babesteko asmoa baitu. Dena den, krisi garaian murrizketarik handienak gizarte ekintzan izaten direla onartu du Kutxako presidenteak.
Kutxen legearen tramitazioen inguruan, Xabier Iturberen ustez "premiazkoa eta beharrezkoa" da, izan ere, Eusko Jaurlaritza urte eta erdiko atzerapenarekin doala esan du,"2010 urte amaierarako jada onartu egon beharko litzateke".
Ekonomiaz ere mintzatu da Iturbe. Confebasken aurreikuspenen arabera, euskal ekonomia % 0,4 haziko da aurten eta langabezia % 11,5era iritsiko da. Panorama "gogorra eta latza" dela esan du Iturbek, eta Europan dagoen arazoa, bai euroarekin bai zor subiranoarekin ere, eragina izaten ari dela esan du.
Confebaskek ere banketxeei kritika gogorra egin die azkenaldian, maileguak ez enpresei ez familiei ez emateagatik. Baten batek kutxak maileguak ematera behartu beharko lituzkeen galdetuta, Iturbek adierazi du Kutxan eskaerak asko jaitsi direla, ez dela hipotekarik egiten, eta enpresa munduan ere ez dagoela inbertsiorik.
Mendiak atzo berretsi zuen Eusko Jaurlaritzak ez duela atzeraldirik aurreikusten, eta Kutxaren aurreikuspenen arabera, Iturbek esan du 2011 urteko udaratik gaur egunera, ekonomia geldituta dagoela, arlo guztietan. "Gu geldirik gaude, eta ez dugu ikusten noiz jarriko garen martxan", adierazi du.
Kutxaren erronka nagusia ekintzako plan estrategikoa zehaztea dela berretsi du Iturbek. Espainiako gobernuak jada iragarri du sektore finantzieroa berrantolatuko duela. "Horrek gure etekinak zintzilik ezarriko ditu eta guk zer egin erabaki beharko dugu, datozen hilabeteetan ikusiko du eta horregatik, oso garrantzitsua da Kutxabankeko kontseiluan denak egotea", esan du.