Ekonomia -
Txosten bat
Euskadi 'txikiegia da gauza guztietatik hiru izateko'
Patxi Lopezen Gobernuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu du euskal erakundeen arteko bikoizketei eta eraginkortasun gabeziei buruzko txostena.
Erredakzioa
Euskadin eskumenen bikoizketek 403 milioi euroko gastua eragiten diote, gutxienez, Autonomia Erkidegoari. Manu Salinero Lehendakaritzaren idazkari nagusiak eta Carlos Aguirre Ekonomia sailburuak aurkeztu dituzten ondorioen arabera, “eskumen-sistemaren araudia berrikusteko” ordua da.
Salinerok Legebiltzarrari “elkarrekin hausnartzeko” eskatu dio, baita EAEko erakunde-sisteman egon litezkeen bikoizketa eta eraginkortasun gabezia horiek ekiditeko ere.
Gaur aurkeztutako txostena aitzindaria da Euskadin zein Estatuan; aurreneko aldia baita euskal administrazioaren hiru mailen (Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak eta udalak) jarduerak aztertzen direna. Datuak erkatzeko prozesu zabala egin da, gainera, Jaurlaritzako sailetan, udaletan eta EUDELen: 70 bilera, guztira.
Ildo horretatik, Lehendakaritzak posta bidez eskatu zien foru aldundiei behin baino gehiagotan, 2010eko maiatzean, prozesu horretan parte hartzeko, baina diputazioek ez zuten proposamena onartu. Batzorde Bereziko kideen ustez garrantzitsua izango zatekeen, ordea, foru aldundien partaidetza.
2010eko azaroan hasi zen Sozioekonomia-gaietarako Lehendakariaren Aholku Batzordea eskatzen gogoeta egiteko Euskadiko lurralde-sare konplexuari eta haren eraginkortasunari buruz. Idazkari nagusiak komentatu duenez, batzordeko kideen ustez, eginiko azterteketa “aurreneko pauso ona” da eta norabide egokian emanda.
Eztabaida-txandetan, Legebiltzarreko talde guztiek harrera ona eman diote txostenari; lanabes egokitzat jotzen baitute Euskadiren etorkizunerako erabakigarria izango den gai bati ekiteko, eta, era berean, aurrera egiteko jarduera publikoan arrazionaltasun eta eraginkortasun handiagoz.
Talde gehienek eskatu dute sakon hausnartzeko euskal sare instituzionalari buruz; Euskadik bizimodu-maila handia eta ratio sozioekonomiko onak baditu ere, euskal administrazio publikoen jarduera orain baino eraginkorragoa izan daiteke eta.
Txostena aurkeztu ondoren, Carlos Aguirre Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak parte hartu du Batzordean. Batez ere hiru aztergai nagusi izan ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko harreman finantzarioak; euskal finantza- eta erakunde-ereduan eragin aipagarria duten legeak eta arauak; eta administrazioek zerbitzuak eskaintzeko darabiltzaten ereduetan eragina izango duten era askotako beste hainbat faktore.
Horrekin lotuta, sailburuak ziurtatu du legegintza-, finantza- eta zerga-lanabes jakin batzuk baliatuta posible izango dela euskal administrazioen zerbitzuak arrazionalizatzea.