Ekonomia -

Banatzaileak

Kongresuak 'Rider legea' onartu du, baina zuzenketak sartzeko aukerarekin

Enpresak banatzaileak kontratatzera behartzen ditu legeak. PP, Vox, Ciudadanos, UPN eta Foro Asturias izan dira dekretuaren aurkako botoa eman duten bakarrak.

Glovoren banatzailea. Argazkia: EiTB
Glovoren banatzailea. Argazkia: EiTB
Glovoren banatzailea. Argazkia: EiTB

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Kongresuak oniritzia eman dio gaur 'Rider legea' deiturikoari, enpresak banatzaileak kontratatzera behartzen dituenari. Lege proiektu gisa izapidetzea onartu dute, horrela zuzenketak sartu ahal izateko.

Lege dekretuaren alde bozkatu dute PSOEk, Unidas Podemosek, ERCk, EAJk, EH Bilduk, Juntsek, PDeCATek, CUPek, Mas Pais-Equok, Compromisek eta Nueva Canariasek. PPk, Voxek, Ciudadanosek, UPNk eta Foro Astuariasek, berriz, kontra bozkatu dute, eta BNG abstenitu egin da.

Ministroen Kontseiluak aurreko hilean onartu bazuen ere, lege dekretu guztiek jaso behar dute Kongresuaren oniritzia aurrera egiteko.

Lege dekretuaren defentsan, Yolanda Diaz Lan eta Ekonomia sozialeko presidenteordeak gogorarazi du legeak aintzat hartzen dituela Auzitegi Gorenak irailean emandako ebazpena eta nazioartean eman dituzten beste batzuk, guztiek jasotzen baitute "kontzeptu bera: langileen eskubideen aplikazioa ez dela aukerakoa".

"Inori ez litzaioke bururatuko fabrika edo denda batean langilea edo autonomoa izateko aukera edukitzea", berretsi du. Hala, azpimarratu du zerbitzuak eskaintzea beti izan dela "lan harremana mendekotasuna badago", eta horixe ezartzen duela Auzitegi Gorenak doktrina bateratzeko irailean kaleratutako ebazpenean.

Voxek erantzun dio konstituzio kontrakotasun helegitea aurkeztuko duela, horrelako ekimenetarako behar den urgentziarik ez dagoelakoan.

Voxekin batera, PPk, Ciudadanosek eta Foro Asturiasek bozkatu dute arauaren kontra, lege dekretuen erabileraren aurka daudelako, baina baita adostasun handiagoa eskatzen dutelako ere, nahiz eta CEOE eta Cepyme patronalek eta sindikatuek legearen alde agertu ziren.

Bestalde, Oskar Matutek (EH Bildu) gogorarazi du eskubideak araututa dituen lanbideak ez direla berriak, eta galdetu du ea "nork sinets dezakeen banaketa enpresa batek langilerik ez izatea". Era berean, salatu du enpresek ez dutela kotizaziorik ordaindu eta hori izurra dela, Gizarte Segurantza eta pentsio sistemari egindakoa.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua EAJ-PNV PSOE Lana Espainiako Gobernua Espainia Ekonomia EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak ERC