Ekonomia -
Legebiltzarrean
Bilbaok bikoizketen inguruko txosten 'sinesgarriagoa' eskatu du
Bizkaiko ahaldun nagusiak Jaurlaritzak agindutako txostena "partziala" eta "osatu gabe" dagoela adierazi du erakundeen arteko bikoiztasunak aztertzen dituen Legebiltzarreko batzordean.
Erredakzioa
Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak euskal erakundeen arteko bikoiztasunak aztertzen dituen txosten berri bat egiteko eskatu dio Legebiltzarrari. Patxi Lopezen Gobernuak agindutako txostena "partziala" dela eta "osatu gabe" dagoela iritzi dio Bilbaok. Jaurlaritzaren txostenaren arabera, 400 milioi euroko gastua eragin dute euskal erakundeetako bikoiztasunek.
Bilbaoren esanetan, EAEn ez dira 400 milioi euro xahutu, eta Jaurlaritzaren "propaganda zerbitzu ofizialarekin haserre" agertu da.
Halaber, Jaurlaritzari bikoiztasunak aldundietan bakarrik sortzen diren itxura eman izana leporatu dio eta herritarrei euskal administrazioak "guztien dirua xahutzen" duen irudia eman duela egotzi dio.
Hori dela eta Legebiltzarreko batzordeari beste txosten "sinesgarriagoa eta zorrotzagoa" egiteko eskatu dio, hau da, erakundeen iritziak jasotzen dituen txostena, alegia.
Bere ustez, Jaurlaritzak eskatutako txostenaren helburua ez da erakundeen ekintza arrazionalizatzea, euskal erakundeen egitura zalantzan jarri nahi duen estrategia orokorrago bat dela adierazi du, eta euskal gizartean "lehentasuna" ez den eztabaida sortu nahi dela gaineratu du.
Bilbaoren iritziz, euskal ereduak, "bere argi eta ilunekin", funtzionatu du eta funtzionatzen jarraitzen du, eta horretarako erkidegoa orain 30 urte nola zegoen begiratzea edota inguruko erkidegoak nola dauden ikustea "besterik ez" dagoela azpimarratu du.