Ekonomia -

1888an sortu zuten

Kodakek borondatezko porrota eskatu du, enpresa berregituratzeko

George Eastmanek, ehun urtetik gorako argazki enpresaren sortzaileak, argazkilaritzari eskaini zion bere bizitza osoa, argazkigintza salneurri zein erabilera aldetik guztion eskuetara helarazteko.

Kodakek borondatezko porrota eskatu du enpresa berregituratzeko. Argazkia: Efe.
Kodakek borondatezko porrota eskatu du enpresa berregituratzeko
Kodakek borondatezko porrota eskatu du enpresa berregituratzeko. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Argazki makina batean 35 milimetroko kartutxo bat sartzea bezain erraza den zerbait egiten dugunean, George Eastman gogoan izan beharko genuke, argazkilaritzari eskaini baitzion bere bizitza osoa; salneurri zein erabilera aldetik, guztion eskuetara helarazi zuen argazkilaritza.

Gaur ehun urte baino gehiago (1888an sortu zuten) dituen Rochesterreko (New York) argazki enpresak borondatezko porrota eskatu du, Antonio Perez espainiarrak zuzentzen duen konpainia berregituratzeko eta etorkizuna bermatzeko, administrazio kontseiluak jakinarazi duenez.

Kodaken arazoa ez da aro digitalaren mailari egokitu ez izana, argazki kamera digitalaren sortzailea baita, baina ez ditu bere negozioetariko asko errentagarri bihurtu, eta, ondorioz, patente asko saldu beharko ditu.

Izan ere, Kodakek eremu digitalera eta puntako teknologiako materialetara bideratu ditu azken urteetan inbertsiorik handienak, eta inbertsio horrek urteko diru guztiaren % 75 ekarri dio 2011n.

Eastman-Kodaken lehen une garrantzitsuenetariko bat argazki-filmeko kamera asmatzea izan zen. Lehen kamera horiek ez ziren gaur ezagutzen ditugunak bezalakoak, ezta gutxiago ere.

Kutxa beltz bat zen eta, barruan, 100 argazki egiteko baliabideak zituen; 100 argazkiak egindakoan, Kodak enpresara itzultzen zen kamera. Konpainiak filma errebelatzen zuen eta kamera berriro kargatua eta argazkiak positibatuta itzultzen zizkion bezeroari.

"Zuk botoia sakatu, gainerakoa guk egingo dugu" esloganaren garaiak ziren.

George Eastman benetako aitzindaria izan zen; Erresuma Batutik Salisburyra (Massachussets) heldutako etorkin baten semea, Watervillen (New York) jaio zen, 1854an. Familia txiroan hazi zen, 14 urte zituela eskola utzi zuen garbitzaile bezala lan egiteko, eta, soldata txikia kobratzen zuen arren, zenbait dolar aurreztea lortu zuen, bere asmakizunetan aurrera egiteko.

Kodaken historian arrakasta handiak izan dira, besteak beste, Instamatic 1963an sortutako kamerarena. Kodak Alemaniako Agfa enpresaren lehiakide handia izan da, baina enpresa horrek ere gain behera egin du.

Kamera horrek 126ko kartutxoa erabiltzen zuen, 35 milimetroko argazki-filma erabili ordez, eta hori zen bere alderik interesgarriena. Kartutxoa kamera barruan zetorren eta argazkiak atera baino ez zen egin behar; batzuetan, argi neurketaren bat egin behar zen, baina beste ezer ez. Abantaila horrek herritarren esku jarri zuen argazkilaritza.

1963 eta 1970 urteen artean, 50 milioi Instamatic kamera egin zituzten, eta, arrakasta horren handia izan zenez, Alemaniako Zeiss Ikon, Contax III (Robert Kappa argazkilari ospetsuak erabiltzen zuena), eta Rollei marka mitikoek 126ko formatua erabili zuten beren kameretan.

Pentsa liteke argazki kamera digitalek argazkilaritza analogiko edo kimikoaren negozioa behera ekarri zutela, baina ez da horrela izan; izan ere, Steve Sasson Eastman Kodakeko ingeniariak asmatu zituen kamera mota horiek, 1975ean.

Hala ere, esan daiteke Kodakek ez duela negozio hori ondo ustiatzen asmatu, eta, orain, 19.000 langileko enpresak 2.000 milioi dolarreko zorra dauka. Eastman sortzailearen markaren, argazkilaritzaren historiako markaren, etorkizuna ezbaian dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea