Ekonomia -
Isuna
Legez aurkako itunak "ugariak" dira kontratazio publikoan, Lehiaren arabera
Lehiaren Euskal Agintaritzaren bi arduradun eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiko presidentea Legebiltzarrean izan dira Espainiako Lehia Batzordeak 22 enpresari jarritako isunari buruz hitz egiteko.
E. G. | EITB MEDIA
Lehiaren Euskal Agintaritzaren (LEA) arabera, enpresen arteko legez kanpoko itunak egoteko baldintza aproposenak daude lehiaketa publikoetan, "kontratu baten baldintza-agiriak kaleratuta, Administrazioak ez daukalako negoziatzeko tarterik". Hala, Rafael Iturriaga Lehiaren Euskal Agintaritzaren kontseilukideak onartu duenez, kolusioa (legez kontrako itun horiek egitea, kartelak osatzea) "ez da beti gertatzen eta ez da salbuespena, baina oso ugaria da", eta erantsi du Administrazioa "laguntzaile" izan daitekeela eta beste batzuetan ez duela horren berri.
Iturriaga Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordean izan da, Elkarrekin Podemos-IUk eta EH Bilduk eskatuta. Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak 22 aholkularitza enpresari 6,3 milioi euroko isuna jarri zien maiatzean gutxienez 10 urtez hainbat administraziotako kontratu publikoak irregularki banatzeagatik. Ebazpen horren inguruko balorazioa eskatu zaio Iturriagari berari, Alba Urresola Agintaritzaren presidenteari eta Jose Luis Bilbao Herri Kontuen Euskal Epaitegiko presidenteari; izan ere, lizitazio horietako batzuk Bilboko Udalak eta Gasteizkoak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak egindakoak izan ziren. Horregatik, hain justu, Lehiaren Euskal Agintaritzak abiatu zuen ikerketa, gerora Espainiako erakundearen esku utzi zuen arren (irregulartasunak beste erkidego batzuetan ere gertatu ziren susmoa zuelako).
Iturriagaren ustez, Administrazioan bada halako tolerantzia bat edo ez ikusiarena egitea enpresa jakin bat kontratatzeko unean: "Uste dute ondo ari direla aurrekoetan enpresa horrek ongi egin duelako, eskarmentua duelako edo bertakoa delako. Zenbaitetan asmo txarrez egiten da, iruzurra egin nahian, baina kontratuen % 20ri baino ez dagokio".
"Jardunbide irregularrak egon badira, zerbaitek kale egin duen seinale da, baina horrek ez du esan nahi Administrazioaren baitan dagoela akatsa", adierazi du Iturriagak. Nolanahi ere, aitortu du "kontratazio publikoan kultura aldaketa bat" behar dela, eta erakundeei dagokiela legea betetzen dela zaintzea eta irregulartasun horiek salatzea.
Bestalde, Jose Luis Bilbao Herri Kontuen Euskal Epaitegiko presidenteak nabarmendu du buru duen erakundeak azken sei urteetan egindako 154 txostenetan ez dela atzeman Administrazioari egotzi ahal zaion "jarrera desegoki bat bera ere". Gogorarazi duenez, Epaitegiak sektore publikoarekin egiten du lan, eta, beraz, "ezin da enpresa pribatuek dituzten jarreretan sartu". Azkenik, enpresa kartel horretako kide batzuekin duen harremanaz galdetuta, azpimarratu du ez duela horren inguruko konturik eman behar: "Nik ez diot inori azaldu behar zein lagun ditudan, norekin hartzen ditudan poteak. Hori niri dagokit, ez beste inori".