Ekonomia -
Enplegua
Nafarroako Gobernuak enplegu plana sinatu du, 700 milioi euroko aurrekontuarekin
Hainbat diru laguntza emango ditu foru Exekutibo, besteak beste, gazteria lan mundura sartzeko, enpresa txiki eta ertainak bultzatzeko eta covid-19aren krisiari aurre egiteko.
Agentziak | EITB Media
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak 2021-2024 Enplegu Plana sinatu du Foru Erkidegoko eragile ekonomiko eta sozialekin. Planaren asmoa enpresa sarea indartzea izango da. Gainetik, enpresa txikiak eta ertainak bultzatzea, gazteak lan merkatuan sartzea erraztea eta covid-19ak sortutako krisiaren ondorioak arintzea izango dira Gobernuaren hiru xede nagusiak. Chiviterekin batera, Juan Miguel Sucunza Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko (CEN) presidenteak, Chechu Rodriguez CCOOren idazkari nagusiak eta Jesus Santos UGTko idazkari nagusiak sinatu dute dokumentua.
Negoziatzen hiru hilabete eman ostean, Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak (foru Exekutiboa, CEN, CCOO eta UGT sindikatuak) adostu du V. Nafarroako Enplegu Plana izango dena. ELA eta LAB sindikatuak kanpoan geratu dira, eta ez dute sinaduran parte hartu. Planaren aurkezpenean, Nafarroako presidenteak "konpromiso eza" egotzi die; eta, LABek erantzun, hitzok Chiviteren kargu instituzionalarekin "bateraezinak" direla esanda.
Nafarroak 701,7 milioi euro inbertituko ditu guztira 2024ra arte. Hala, Exekutiboak 299,9 milioi euro (aurrekontuaren % 42,74a) gastatuko ditu erkidegoaren "lehiakortasuna" hobetzeko. Enplegu politika aktiboek 277 milioi euro (% 39,48a) bereganatuko dituzte. Gainera, 118 milioi inbertituko dituzte lan harremanak zein enpleguaren kalitatea hobetzeko, 4,11 milioi lan arriskuen prebentziorako eta 2 milioi inguru gizon-emakumeen arteko aukera berdintasunen arloko jardueretarako.
Dokumentua sinatu ostean, Chivitek azaldu du planak ez dituela biltzen soilik "egoeraren araberako arazoetarako erabaki zehatzak", baizik eta "eredu aldaketa" batez ari direla. Eredua "inklusiboa" izango dela azpimarratu du presidenteak, jasangarriagoa eta "oinarri digitalarekin datorrena".
Berdintasun eza saihestu, kalitatezko enplegua sustatu et covid-19aren krisiari aurre egin
2021-24 Enplegu Planak helburu nagusi bezala planteatu ditu Nafarroako enpleguaren hobekuntza eta desberdintasunen ezabaketa. Horrenbestez, genero arrakala eta langabezia murriztu nahi ditu Gobernuak, eta zailtasun gehien jasaten dituzten kolektiboen babesa hobetu. Horien artean daude, Exekutiboaren hitzetan, gazteria, migratzaileak, aniztasun funtzionala duten pertsonak, epe luzeko langabetuak, esklusio arriskuan dauden pertsonak eta oinarrizko prestakuntza dutenak.
Halaber, LH Dualaren eredua sustatu, hobetu eta hedatuko dutela hitzeman du Gobernuak. Esparru honetan ere, planak lan baldintzak hobetzea eta berdintasuna bermatzea ditu helburu.
Dokumentuak biltzen dituen ekintza zehatzen artean, covid-19aren krisiak gehien kaltetutako sektoreei bideratutakoak daude; alegia, ostalaritza, garraioa, kultura eta aisialdira, besteak beste. Krisi egoeran dauden enpresak birgaitzeko programa bat sortuko dute, enpresa txiki eta ertainei diru laguntza publikoak emateko. Gainera, laguntzok eskatzeko sistema hobetu eta sinplifikatu nahi du Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak.
Carlos Gimeno Hezkuntza sailburua, Carmen Maeztu Eskubide Sozialen sailburua, Nafarroako Miriam Marton Enplegu Zerbitzuko zuzendaria eta sindikatuetako ordezkariak komunikabideekin bilduko dira gaur, plana baloratzeko.