Ekonomia -

lan-istripua

Basoko langile bat hil da lan-istripu batean Muxikan

Hildakoa 27 urteko Durangoko bizilaguna zen. 2019tik, baso lanetan hildako hirugarren behargina da Muxikan.

Helikoptero bat hildakoa lekuldatzen. Argazkia: Bizkaiko suhiltzaileak.
Helikoptero bat hildakoa lekuldatzen.
Baso-langile bat hil da Muxikan gertatutako lan-istripu batean

0:50

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

27 urteko basoko langile bat hil da lan-istripuan Muxikan (Bizkaia), Zugastieta auzoan, Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Gaztea ekuadortarra zen jaiotzez baina Durangon bizi zen. Gune malkartsu batean baso lanetan ari zela zendu da, argitu gabeko arrazoiak tarteko. Sindikatuen arabera, CO2 enpresako behargina zen hildakoa.

09:00ak inguruan jaso dute abisua larrialdi zerbitzuek, istripu baten ondorioz zauritu bat zegoela esanez, Osakidetzaren helikoptero medikalizatua bertaratu da eta medikuak artatu du behargina, baina ezin izan du ezer egin haren bizia salbatzeko.

Ertzaintza istripuaren nondik norakoak ikertzen ari da, eta istripuaren tokira joan da epailea ere. Lan-istripuaren diligentziak zabaldu dituzte.

Duela urtebete, 2020ko uztailaren 3an, mendian garbiketa lanak egiten ari zen langile bat hil zen Muxikan bertan. Izan ere, sindikatuetako iturriek salatu dutenez, 2019tik hiru basoko langile hil dira udalerri horretan.

Sindikatuek ezbeharra salatu dute

Oscar Abad ELAk Bizkaian duen lan osasuneko arduradunak azpimarratu duenez, basoko lanetan gertatzen diren istripuei aurre hartzeko neurriak badaude. "Langileak sektore publikoen menpekoak izaten dira maiz, baina autonomoak eta azpikontratatuak ere badaude. Osagai horiek ondo ezagutzen ditugu, eta badakigu arazoa konpontzeko neurriak badaudela", esan du.

LABek ohar kaleratu du istripua salatzeko. Horren hitzetan, "etekin ekonomikoak osasunaren eta langileen biziaren aurretik jartzen dira, basoko lanen sektore honetan ere"

CCOOk gogorarazi duenez, bestalde, bost eguneko epean bi langile hil dira EAEn (ostiralean eraikuntzako behargin bat zendu zen). Urtea hasi zenetik 19 behargin hil dira lanean ari zirela, betiere sindikatu horren datuen arabera.

UGTk zabaldutako ohar batean jaso duenez, "urtez urte, behin eta berriz gertatzen dira lan istripu hilgarriak edo larriak gure basoetan".  Horren aurrean, basoko ustiapenetan lan arriskuen prebentzioan pausoak ematea eskatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak