Ekonomia -
Elkarrizketa ETBn
Unda Soria eta De Guindos ministroekin bilduko da 'gutxi barru'
Industria sailburua gustura agertu da turismoaren sektoreak EAEn izan duen gorakadarekin, bi urtetan % 17 hazi baita bisitari kopurua.
Erredakzioa
Bernabe Unda Industria sailburuak iragarri du "gutxi barru", datorren astean ziurrenik, Jose Manuel Soria Industri ministroarekin eta Luis de Guindos Ekonomia eta Lehiakortasun ministroarekin bilduko dela.
ETB-2ko 'Egunon Euskadi' saioan egin dioten elkarrizketa batean Undak azaldu duenez, Industria ministroaz gain, De Guindosekin ere elkartuko da, lehiakortasunaren barruan sartzen baita enpresen nazioarteratzea, teknologia berrikuntza eta enpresen finantziazioa.
Undak aitortu du lehenengo lauhilekoko egoera zaila izango dela EAEn ekonomikoki eta Euskadi krisiaren aurrean "ongi" ari dela "eusten" adierazi du.
Unda gustura agertu da turismoaren sektoreak EAEn izan duen gorakadarekin, bi urtetan % 17 hazi baita bisitari kopurua.
Dendak jai egunetan irekitzearen inguruan, Undak neurri horren kontra manifestazioak egiteko eskubidea aitortu die sindikatuei, baina "irekitzeko eskubidea galaraztea" salatu du, "hori baita egiten ari direna".
Bestalde, Industria sailburuak berretsi du Arabako Lautadan gasa ateratzeko proiektuaren epeek bere horretan dirautela. Hori horrela, aurten eta datorren urtean aztertu egingo dituzte ustiategiak eta ondorioak positiboak badira, ustiatzeko baimenen eskaria egiteko aukera emango da hiru urte barru.
Proiektuaren kontra dauden ekologisten harira, lur azpian "30.000 euro eduki eta ez ustiatzea arduragabekeria" izango litzatekeela azpimarratu du sailburuak.