Ekonomia -
Brusela
Barrosok 'Hiriko' auto elektriko gasteiztarra gidatu du
Ibilgailu berritzailearen lehenengo prototipoa astearte honetan aurkeztu dute, Europako Batzordearen egoitzan, mugikortasun iraunkorraren adibide gisa.
Erredakzioa
'Hiriko' auto elektrikoaren lehenengo prototipoa aurkeztu dute gaur Europako Batzordearen egoitzan mugikortasun iraunkorraren adibide gisa, eta Jose Manuel Durao Barroso EBren presidentea izan da autoa gidatu dutenetako bat.
Hiriko enpresako ordezkariak, proiektua garatu duten enpresari arabarren partzuergoko ordezkariak, Javier Maroto Gasteizko alkatea eta Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia egon dira, besteak beste, aurkezpenean.
Etorkizuneko autoa dirudi 'Hiriko'k eta elektrikoa da ehuneko ehunean. Bi lagunentzako lekua du eta 300 litroko maletategia. Lau gurpiletan du trakzioa eta direkzioa, eta tolestu egiten da aparkalekuetan errazago sartzeko. 120 kilometroko autonomia du eta gehienezko abiadura 90 km/h da.
Sustatzaileen arabera, ibilgailua berrikuntza sozialaren eredu da eta hiriak eta bertako ohiturak aldatzea du helburu.
Orain arte, Bartzelonak, Bostonek eta Ingalaterrako, Suediako, Hego Koreako eta Ekuadorreko hainbat hirik sinatu dute autoak erosteko kontratua.
Aurreikuspenen arabera, lehenengo 20 autoak udazkenean aterako dira Gasteizen, izan ere, aurten Europako Hiriburu berdea da eta partzuergoarekin hitzarmena sinatu zuen iragan urtarrilaren 12an.