Ekonomia -

turismoa

Autobus batek turismo-gune bakar bihurtuko ditu Donostia eta Biarritz asteazkenetik aurrera

Ekimena 'Donostia-Biarritz. Bi hiri, gune bakarra' turismo-marka bateratuaren parte da, bi herriek bisitari berriak erakartzeko martxan jarritako kanpaina.

Asteazkenean jarriko da martxan Donostia eta Biarritz lotuko dituen autobus zerbitzua.
Asteazkenean jarriko da martxan Donostia eta Biarritz lotuko dituen autobus zerbitzua.
Asteazkenean jarriko da martxan Donostia eta Biarritz lotuko dituen autobus zerbitzua.

o.p. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Donostia-Biarritz. Bi hiri, gune bakarra". Hori da bi hiriek nazioarteko merkatuan komunean dituzten eskaintzak, -euskal kostaldea, gastronomia, kirola eta kultura, besteak beste- zabaltzeko elkarlanean sortu duten turismo-marka berria.

Horrela, bi herriek "publiko berrietara" iristea eta bisitak "urtaroez gaindi" sustatzea nahi dute, udako denboraldiaz harago joan daitezen. Orain elkarrekin bultzatuko dituzte helburu horiek. Horretarako, webgune bat sortu dute (www.sansebastianbiarritz.com) eta datorren asteazkenean, uztailak 14, autobus zerbitzua jarriko dute martxan bi herriak lotzeko.

Donostian aurkeztu dute gaur marka berria, Donostiako Turismo zinegotzi Cristina Lagek eta Biarrizko alkateorde eta turismo arduradun Ricard Tarditsek. Haiekin izan dira beste udal arduradun eta Gipuzkoako turismo sektoreko ordezkariak ere.

Cristina Lagek azaldu duenez, sektore publikoa eta pribatua inplikatzen dituen estrategia bateratua bi herrietako turismo erakundeek garatutako "lan eskerga" baten emaitza da.

Donostiako zinegotziak gaineratu duenez, "Bi hiri, gune bakarra" atzerriko nahiz hurbilagoko bisitarientzat pentsatuta dago, "hiri txiki edo ertainak bisitatzea" nahi dutenentzako, naturaguneei, itsasoari eta mendiari garrantzia ematen dietenentzako, kulturaz eta "bizi-kalitate handiaz" gozatu nahi dutenentzako, edo gastronomia- edo kirol-esperientziak bizi nahi dituztentzako.

Donostia eta Biarritz "Euskal kultura eta hizkuntza" partekatzen dituzten gertuko hiriak direla azpimarratu du, "Belle Époque" -tik jasotako "glamourrak batzeaz" gain, goi mailako sukaldaritzaren nahiz surfa bezalako kirol-diziplinetan nazioarteko erreferenteak baitira biak.

Richard Tarditsek, bere aldetik, bi euskal hiriek garatu nahi duten "elkarlanaren lehen urratsa" dela esan du, eta Donostia-Biarritz "munduko helmuga turistikoen mapan" kokatzen dutela horrela.

Bi herriak lotzeko autobus edo "navette" berriak turistak hiri batetik bestera eskualdatzea bultzatzeko eta bi udalerrietako biztanleen bisitak sustatzeko jarriko dute martxan, eta asteazkenero, ostiralero eta igandero (uztailaren 14tik abuztuaren 31ra) aterako da.

Bi ordutik behin aterako da, Donostiako autobus geltokitik, 10:00etatik 20:00etara, eta Biarritzetik, Charles Floquet etorbidetik, 09:00etatik 19:00etara.

10 euro kostako da joan-etorria (5 euro 16 urtetik beherakoentzat) eta txartelak propio sortutako webgunearen bidez edo bi hirietako turismo bulego nagusietan erosi ahal izango dira.

Webgunean bertan jakinarazi dutenez, bidaiaria izango da Frantzian/Espainian sartzen den unean indarrean dagoen osasun-araudia betetzearen erantzulea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Gipuzkoa Turismoa Euskadi Biarritz Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Lapurdi