Ekonomia -

''Estrategikoa'' izateagatik

Tubos Reunidosentzako 112,8 milioiko mailegua onartu du Kaudimen Funtsak

Orain, Ministro Kontseiluak eman behar dio behin betiko onarpena. Kaudimen Funtsaren Kontseilu Kudeatzaileak kontuan izan du Tubos Reunidos talde estrategikoa dela, haren jardueragatik eta sortzen duen enpleguagatik.

"Estrategikotzat" jo dute Tubos Reunidos. Argazkia: EFE.
"Estrategikotzat" jo dute Tubos Reunidos.
"Estrategikotzat" jo dute Tubos Reunidos. Argazkia: EFE.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren pandemiak kaltetutako Enpresa Estrategikoen Kaudimenari Babesa emateko Funtsaren Kontseilu Kudeatzaileak Tubos Reunidosi 112,8 milioi euroko mailegu parte-hartzailea ematea onartu du astearte honetan, konpainiak Balioen Nazio Batzordeari jakinarazi dionez. Orain, Kaudimen Funtsaren Kontseilu Kudeatzaileak Ministro Kontseiluari aurkeztuko dio eragiketa, azken horrek behin betiko onarpena eman diezaion. Hala esan dute Industria Partizipazioko Estatu Sozietatetik gertu dauden iturriek; Kontseilu Kudeatzaileak Sozietate horren bidez kudeatzen du Funtsa.

Mailegua onartzean, Kontseilu Kudeatzaileak kontuan izan du Tubos Reunidos talde estrategikoa dela, bai siderurgia-sektorean duen jardueragatik (energia berriztagarrien balio-kate osoan dauden produktuak ditu), baita sortzen duen enpleguagatik ere: 1.380 lanpostu zuzen, eta zeharkako 7.000.

Halaber, taldea non dagoen kokatuta ere kontuan izan dute; izan ere, Tubos Reunidos (altzairuzko tutuak egiten ditu) EAEn dago, eta enpresa gakoa da siderurgian eta erauzketan. Gainera, Kontseilu Kudeatzailearen iritziz, Tubos Reunidos erreferentea da industria esportatzailean; izan ere, esportazioak negozio-zifraren % 90 dira. Tubos Reunidosek 400 bat bezero ditu, eta bost kontinenteetako 66 herrialdetan lan egiten du.

Egiten dituen produktuak energia berriztagarrien balio-kate osoan daude; horregatik, Funtsaren Kontseilu Kudeatzaileak kontuan izan du ekarpen handia egiten diola energia-iragateari. Eusko Jaurlaritzak, Espainiako Gobernuak eta Europar Batasunak iragate hori bultzatu egiten dute.

Enpresak 1380 langile zuzen eta zeharkako 7000 bat ditu; hori sektorearen enplegu osoko % 7,3 da. Langile finkoak oso espezializatuta daude.

Zertarako erabiliko dute mailegua?

Tubos Reunidosek Akziodunen Batzarra egin zuen ekainaren 30ean, eta, bertan esan zutenez, mailegu parte-hartzailea erabiliko dute prozesuak hobetzeko, eraginkortasuna digitalizazioaren bidez areagotzeko, karbono-arrastoa berrikuntzaren eta produkzio-hobekuntzen bidez murrizteko, eta langileak trebatzeko.

Taldea, une honetan, 2019an zuen gaitasunaren % 75-80an dabil lanean, eta aurreikuspena da urtearen amaieran pandemiaren aurreko maila berreskuratuta izatea. 2020an 101,3 milioiko emaitza negatiboa izan zuen, eta 2019an 41 milioiko galerak izan zituen.

Halaber, Tubos Reunidosek iragarri zuen ekainaren 30etik uko egingo ziela aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteei, eta urteko hiruhilekoan ez zuela espedienterik eskatuko Amurrioko eta Trapagarango fabriketarako. Amurrioko Tubos Reunidos Industrialen eta Trapagarango Productos Tubularesen onartuta zeuden espedienteak, 2020ko abendutik 2021eko ekainaren 30era arte, baina Productos Tubularesen ez zen inoiz indarrean izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa COVIDaren agerraldiak gaur