Ekonomia -

Enplegu publikoa

Sindikatuek neurri egokiak eskatu dituzte behin-behineko langileen lanpostuak bermatzeko

LAB eta SATSE Euskadi sindikatuetako ordezkariek sektore publikoko lanpostuak egonkortzeko deia egin diete agintariei, "jasanezina baita gaur egun arlo publikoan dugun behin-behinekotasun tasa altua".

Galdakaoko Ospitaleko osasun arloko langileak. Artxiboko argazkia: EFE
Galdakaoko Ospitaleko osasun arloko langileak. Artxiboko argazkia: EFE
Galdakaoko Ospitaleko osasun arloko langileak. Artxiboko argazkia: EFE

A. O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Enplegu publikoaren behin-behinekotasuna murrizteko neurriak jasotzen dituen errege lege-dekretua onartu berri du Kongresuak. Horrek, euskal sektore publikoko aldi baterako 75.000 langileri eragingo die (60.000 behargin EAEn eta 15.000 Nafarroan). Administrazio publikoan gehiengoa duten sindikatuek (ELA, LAB, SATSE, STEILAS eta ESK), ordea, euren desadostasuna azaldu dute, behargin horien lanpostua jokoan jarriko dela iritzita.

Errege lege-dekretuak jasotzen duenez, postu hori betetzeko deialdia inoiz egin ez bada, eta behin-behineko beharginek plaza horretan hamar urte baino gehiago badaramatzate, lanpostu hori oposaketa azterketarik egin gabe eskuratu ahal izango dute. Horren ordez, merezimenduaren balorazio bat egitea nahikoa izango da.

Halaber, hiru urte baino gehiagotan bitarteko beharginek bete dituzten lanpostuak finkatzeko deialdiak eta lehiaketa gainditzen ez duten langileentzako 20 eguneko kalte-ordaina jasotzen du akordioak.

Gorka Berastegi LAB sindikatuko Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkariaren arabera, enplegu publikoa sortzeko "oztopo gehiago" jartzea ekarriko du horrek. Horren arabera, dekretuak "espero baino eragin txikiagoa izango du" euskal sektore publikoan, baina enplegu "ahulagoa eta eskasagoa" sortuko da aurrerantzean.

Gainera, neurri "oso partziala" dela salatu du Berastegik, euskal administrazioko langile askok ez dituztelako hamar urte hain erraz beteko lanpostu berean. Hori dela eta, Euskal Herriko behin-behinekotasunaren arazoari aurre egiteko "lege propioak" behar direla azpimarratu du.

Ildo horretatik, administrazio bakoitzak "bere beharrak" dituela esan du LAB sindikatuko Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkariak. Horren esanetan, "administrazio publikoko langileek kontsolidatzeko bermeak behar dituzte".

Bestalde, Amaia Mayor SATSE Euskadiko bozeramailearen iritziz, "arazoa oso larria da", eta "neurri berriak ez dio konponbiderik emango Osakidetzan dugun egoerari"; izan ere, "behin-behinekotasun tasa oso altua" da bertan, % 40 ingurukoa, eta "beste neurri batzuk" beharko lirateke % 8ra jaisteko.

Osakidetzan, neurriak "eragin txikia" izango duela adierazi du SATSE Euskadiko bozeramaileak, bere esanetan, osasun arloko langileak "lanpostu batetik bestera aldatzen direlako". Hortaz, Osakidetzan ez da hamar urteko epea betetzen.

Horrenbestez, "sektore publikoko lanpostuak egonkortzeko deia" egin die agintariei, "jasanezina baita gaur egun arlo publikoan dugun behin-behinekotasun tasa altua". "Berme guztiekin egin behar da, inolako diskriminaziorik gabe eta segurtasun juridikoa emanez", erantsi du SATSE Euskadiko bozeramaileak.

Konponbidea, beraz, enplegu publikorako eskaintza (LEP) bidez etor daiteke. "Egungo plantilla ez da benetako beharretara egokitzen; izan ere, benetako beharrak aldi baterako langileekin betetzen dira", gaineratu du Mayorrek.

Bitartean, sindikatuek "beharrezko mobilizazioak" bultzatzen jarraituko dute, "lanpostuak kontsolidatzeko, zerbitzu publikoak indartzeko eta pribatizazioari ateak ixteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Osakidetza Bilbo Donostia Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba LAB Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Funtzionarioak Espainiako Gobernua Espainia Salaketak Ekonomia albisteak Eguneko albisteak Gasteiz Eguneko albisteak Manifestazioak Sindikatuak Enpresaburuak