Ekonomia -
Erreforma
Erkidegoek ezin izango dute defizitik izan 2020 urtean
Luis de Guindos Ekonomia ministroak Davoseko Foroan egin du iragarpena.
Erredakzioa
Luis de Guindos Espainiako Gobernuko Ekonomia ministroak iragarri du autonomia erkidegoek ezin izango dutela defizitik izan 2020 urtetik aurrera.
De Guindosek Davoseko Foroan egin du iragarpena, Espainiako hedabideekin egindako topaketa batean.
Espainiako Gobernuaren egungo defizit helburuak honakoak dira: % 4,4 aurten (2012an), eta % 3 hurrengoan (2013an).
Aurrekontuen Orekarako Legearen aurreproiektua
Aurrekontuen Orekarako eta Administrazio Publikoen Finantza Iraunkortasunarako Lege Organikoaren aurreproiektua onartu du gaur Espainiako Gobernuak. Lege horrek, hain zuzen, gastuaren kontrola areagotzen du, batik bat, autonomia erkidegoetan.
Ministroen Kontseilua amaitu eta gero, Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko bozeramaileak, lege hau "lehen mailako egiturazko erreforma" dela azaldu du, aginte ekonomikoaren alorrean herrialdea Europan "erreferente" egiten du, eta gastuaren kontrolean "aintzindari", erantsi du.
Espainiako Gobernuko bozeramailearentzat, egonkortze fiskala "nahitaezkoa" da hazkuntzaren bidera itzultzeko eta herrialdean sinesgarritasuna eta konfiantza itzultzeko.
Isunak eta zigorrak
Finantza eta ekonomia plana betetzen ez duten administrazio publikoek defizita zuzendu ahal izateko depositua eratu beharko dute, eskatutakoa sarritan betetzen ez badute isuna jarriko zaie.
Halaber, aurreproiektuak jasotzen duenez, Espainiari egonkortasunaren arloan jarritako zigorrei ardura duen Administrazioak erantzun beharko die.
Horrez gain, plan zuzentzaileen desbideratzeen alerta eta erantzun goiztiarra emateko mekanismoa ezarriko da.
Araudi hau jarraituz, Administrazioen zorrak ezin izango du Europan ezarritako BPGren % 60a gainditu, ezohiko egoeretan izan ezik, eta "lehentasun nagusia" beste edozein gasturen aurrean zor publikoaren interesei eta kapitalari aurre egitea izango da.
Likideziari babesa
Legeak ezohiko babes mekanismoa jasotzen du eskatzen duten autonomia erkidego haientzat.