Ekonomia -
2.000 lanpostu kolokan
Jarduera eten eta hegaldi guztiak bertan behera utzi ditu Spanairrek
22.800 pertsona daude kaltetuta, asteburu honetan bakarrik. Konpainiak informazio telefono zenbaki berezia jarri du martxan. Loiuko zazpi hegaldi bertan behera gelditu dira.
Erredakzioa
Spanairrek ez du hegaldi gehiago egingo. Konpainiak bere jarduera eten egin du, eta, beraz, hegaldi guztiak bertan behera utzi ditu. Datorren astean, gainera, hartzekodunen konkurtsoa aurkeztuko dute.Konpainiak ohar bat kaleratu du, erabakiaren berri emanaz. Bertan jasotzen denez, txartela erosita duten bidaiariek Spanairren webgunean eta 902131415 telefonoan jaso ahal izango dute informazioa. Ordu batzuk geroago beste telefono zenbaki bat ere jarri dute martxan.Konpainiaren bozeramaile batek emandako datuen arabera, ostiral gauean bertan 300 bidariri eragingo die erabakiak. Larunbatean 91 hegaldi geratuko dira bertan behera (8.695 bidaiari), eta igandean, berriz, eta 129 hegaldiri eta 14.076 bidaiariri eragingo die. Guztira, 22.800 pertsona daude kaltetuta, asteburu honetan bakarrik.
Sustapen Ministerioak Spanair zigortuko du
Sustapen Ministerioak ostiral honetan iragarri duenez, Spanairren aurkako zehapen-espediente bat abian jarriko du kontratua ez betetzea leporatuta. Izan ere, jarduera etetean bidaiariei zerbitzu alternativo bat ez eskaintzea egotzi dio konpainiari.
Spanairrek barkamena eskatu die bidariei, eta erabakiaren arrazoien berri ere eman du kaleratutako ohar horretan: ''Konpainiak segurtasun eta zuhurtzia neurri gisa erabaki du hegaldiak bertan behera uztea, datozen hilabeteotako bideragarritasun ekonomiko ez baitago ziurtatuta. Konpainiak egoki diren neurri legal guztiak hartu ditu''. ''Zuzendaritzak eskertu egiten du aeronautika agintarien eta bidariak jasoko dituzten beste enpresen lana'', gaineratu dute oharrean, eta langileak eta akziodunak ere izan dituzte gogoan arduradunek.
2.000 pertsonak egiten dute lan Spanairren, baina, sindikatuetako iturriek jakitera eman dutenez, zeharkako beste 1.200 lanpostu ere arriskuan daude: Spanairren zerbitzuekin lotuta, El Prat aireportuan Newco enpresan lan egiten duten pertsonen lanpostuak, alegia.
Kaltetuentzako tarifa bereziak
Iberiak, Vuelingek eta Air Nostrumek Spanairreko bidaiari kaltetuei tarifa bereziko hegaldiak eskainiko ditu datozen hiru egunotan. Halaber, Easyjetek ere Madril-Bilbo eta Bartzelona-Berlin hegaldientzako 50 euroko tarifa berezia jarri du martxan.
Spanairreko langileak giltzapetu dira
Bestalde, Spanairreko zenbait langile Madrilgo, Palmaseko eta tenerifeko aireportuetan giltzapetu dira, CC. OO. sindikatuak jakinarazi duenez, urtarrileko soldaten ordainketa exijitzeko.
Loiuko zazpi hegaldi bertan behara gelditu dira
Loiuko aireportutik atera behar zuten zazpi hegaldi bertan behera gelditu dira larunbat honetan Aenak jakinarazi duenez. Bilbokoa da Spanair konpainia zegoen euskal aireportu bakarra.
Zazpi hegaldiek Bartelonara, Madrilera, Lanzarotera eta Tenerifera joan behar zuten.
Loiuko aireportuko egoera lasaia da, nahiz eta bidaiari batzuk jada erreklamazioak jartzen hasi diren.
Lufthansa Spanairrekin partekatutako hegaldien diru-itzultzearekin hasi da
Lufthansa konpainia alemaniarra kaltetutako bidaiariei dirua itzultzen eta kaltetuak beste hegaldi batzuetan jartzen hasi da.
Konpainia, Star Allianceko kide da, Spanair bezelaxe, eta bere webgunean barkamena eskatzen du "bazkidearen ezusteko jardueraren eteteagatik".