Ekonomia -
Bigarren erreskatearen ostean
Europar Batasunak Greziako aurrekontuak kontrolatzea nahi du Alemaniak
Greziako Gobernuak haren haserrea erakutsi du eta haien aurrekontu politika kontrolatzeko "komisario" baten proposamena erabat errefusatu du.
Erredakzioa
Europar Batasunak Greziako aurrekontuen politika hurbiletik kontrolatzeko proposamen bat mahai gainean jarri du Alemaniak euroguneko herrialdeek izandako barne eztabaidetan, Bruselako iturriek jakitera eman dutenez.
Proposamen honen arabera, EBk eskainitako "zenbait ahalmenen" bitartez "aurrekontuen komisario" batek Greziako aurrekontuak zuzenduko lituzke. "Litekeena da modu zorrotz baten bide hura egitea, hau da, kontrol hura kanpoko adituen bitartez bideratzea", azaldu dute iturri berdinek.
'The Financial Times' Erresuma Batuko kazetak proposamenaren kopia bat zabaldu du eta horren arabera, Alemaniak "aurrekontuen komisario" baten ezarpena eskatu du Greziako Gobernuak 'troika'ko, Europako Banku Zentraleko, Nazioarteko Diru Funtsaren eta Europar Batasuneko irizpideekin bat ez datorren erabakiak hartzen baldin baditu, neurri hauei betoa jartzeko gaitasuna izanda, hain zuzen ere.
Greziako aurrekontuen gaineko kontrol handiago baten alde egin du Alemaniak, batez ere bigarren erreskaterako negoziazioak hasi direnetik. Bigarren diru funts hura 130.000 milioi eurokoa izango litzateke baina Greziako egoera ekonomikoak okerrera egin duenez, litekeena da euroguneko herrialdeek beste 15.000 milioi euro gehiago eman behar izatea.
Haserrea Grezian
Bestalde, Pantelis Kapsis Greziako Gobernuaren bozeramaileak haren haserrea erakutsi du eta azpimarratu duenez, Greziaren aurrekontuen gaineko kontrola Exekutiboaren menpean bakarrik egon behar da.
Halaber, Europako Batzordeak Alemaniaren proposamena argitu du. Honen esanetan, euroguneko herrialdeen helburua Greziako finantzen kontrola sendotzea da, Greziako Gobernuak kontrol horren subiranotasun nazionala mantentzen jarraituko balu ere.